Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantzako zinegotzia Bilboko Udalak antolatutako BAS – Bilbao Arte Sakratua zikloaren 18. edizioko lehenengo kontzertuan izan dira gaur arratsaldean. Musika-ziklo hori apirilaren 13ra arte (asteazkena) luzatuko da,
“Ahots zerutiarrak – Divinas voces” izenburuaren pean. Guztira bost kontzertu programatu dira – eguneko bat – 19:30etik aurrera, tokiko eta nazioarteko interpreteen eskutik.
Programazioa gaur arratsaldean hasi da, Ensemble Diderot talde frantsesarekin. Musika klasikoan erreferentzia bat den talde honetako nukleoa osatzen duten musikariek ganbera-musika barrokoaren errepertorioa arakatzen eta jotzen dute. “Christ ist erstandem” izenarekin eta Andrea Hill mezzosoprano kanadiarrak Johann Pachelbel-en eta Heinrich Ignaz Franz Biber-en obrak eskaini ditu (Pazkorako musika alemaniarra).
Bihar, domekan, 19:30etik aurrera, Oslotik (Norvegia) datorren Nordic Voices taldearen txanda izango da; “a capella” abesten duen taldea da eta honako honetan “Lamentation-Consolation” izeneko kontzertua emango du. 1996an eratu zen, eta harrezkero ospea eta fama handia hartu ditu, bere generoan munduan den ahots-talde onenetako bat denez gero. Kontzertu honetako lehen zatiko testuak, “Lamentation”, gaurko egunera estrapolatu litezke. Kontzertuaren bigarren zatian, “Consolation”, euren aroko bi konpositore handienetako biren musika entzun ahalko dugu: Heinrich Schütz eta Tomás Luis de Victoria. Gainera, Norvegiako musika garaikideko konpositoreen musika abestuko dute.