Bilboko Udalak kale-katuen 110 kolonia kontrolatu ditu

0

Hiriguneetan kale-katuak egotea udalerri guztietako errealitatea da, eta Bilbo ez da salbuespena. Hori dela eta, 2017an, Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak, Harrapatu, Antzutu eta Askatu (CES) udal-programa jarri zuen martxan.

Yolanda Díez Bilboko Udaleko Alkateorde eta Osasun eta Kontsumoko Zinegotzi Ordezkariak, programaren jarraipena ziurtatuta dagoela baieztatu ondoren, “CES programa ezarritako helburuak betetzen ari dela” nabarmendu du: “katuen kontrolik gabeko ugaltzea murriztea, auzo-gatazkak gutxitzea eta kalean bizi diren animalien bizi-kalitatea hobetzea”.

Horretarako, antzutzeak kudeatzeko lana egiten da, kale-katuen edo kolonien kokapen zehatza ezartzeko, haien inguruneari buruzko informazioa biltzeko, kolonia bakoitzeko kide kopurua zehazteko, kolonian antzututako animaliei buruzko informazio eguneratuta izateko, programan borondatez laguntzen duten pertsonak eta haien zeregina identifikatzeko eta erregistratzeko eta ezarritako baldintzak zenbateraino betetzen diren zehazteko.

Izan ere, espeziearen berezko etologiak, ugaltzeko gaitasun handiarekin batera, populazioa kontrolik gabe haztea dakar, animaliengan ondorio negatiboak eraginez (gaixotasunak, istripuak… areagotzea), eta auzokideen arteko gatazkak eta salaketak eragin ditzake.

Gai konplexu hori kudeatzeko, Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak metodo hori jarri zuen martxan. Animalien ongizateari buruzko legedia errespetatzen duen metodo hori eraginkorrena da, eta hiri askotan ari da ezartzen.

CES metodoa boluntarioen laguntzarekin gauzatzen da. Boluntario horiek animaliak harrapatzeaz eta katuak antzutzeko Udalak kontratatutako albaitaritza-kliniketara eramateaz arduratzen dira. Kliniketan, gainera, parasitoen aurkako tratamendua jasotzen dute katuek, eta belarrian marka bat egiten zaie, animalia antzutu gisa identifikatu ahal izateko. Ondoren, pertsona berberek itzultzen dituzte jaso ziren lekura.

1.123 KALE-KATU

2021ean, 359 kale-katu antzutu dira guztira, 216 eme (% 60) eta 143 ar (% 40). % 54 urtebeteko edo urtebetetik beherako animaliak ziren.

2017tik gaur arte 1.123 animalia antzutu dira guztira.

Modu berean, joan den urtean, 2017tik metatutako datuei esker ezagutzen ziren kale-katuen kolonia guztiak bisitatu eta geolokalizatu dira. Guztira, hiri osoan banatzen diren 110 kolonia erregistratu dira, 840 animalia ingururekin. Horietatik, 2021eko abenduan 525 antzututa zeuden eta antzutze-ehunekoa % 63koa zen.

2017an programa hasi zenetik antzututako animalien eta 2021ean kolonietan kontabilizatutakoen artean dagoen aldeak hainbat arrazoi ditu; horien artean, kalean bizi diren animalien bizi-itxaropena oso gutxitan da bost urtetik gorakoa; antzututako animalien zati bat adopzioan eman ahal izan da, haien bizi-kalitatea hobetuz; eta katuek kolonien artean migratzen dute.

Bestalde, 2021ean, felinoei arreta ematen dieten 144 boluntariorekin harremanetan egon gara, udal datu-base batean sartzeko, egiten duten lana ezagutzeko.

Harremanetan jarri garen pertsonen kopuruak nabarmen egin du gora pandemiaren aurreko datuekin alderatuta, orduan, 76 kolaboratzailerekin harremanetan jarri ginen. Hazkunde horren arrazoia Udalak programaren ezarpena zabaltzeko duen interesa da. Programan parte hartu gura duten boluntarioek hainbat baldintza bete behar dituzte: kokaleku egokia, antzutze-konpromisoa eta animalien elikadurarekin eta ingurunea behar bezala mantentzearekin erlazionatutako alderdiak.