Bisitariei informazioa eskaintzeko irekita izango da Azpeitiko Turismo Bulegoa Aste Santuan

0
Azpeitia hamaika arrazoirengatik da erakargarria bisitarientzat. Eskaintza asko eta askotarikoak ditu herriak. Aste Santuko egunetan bisitariei Azpeitia bizi eta ezagutzen laguntzeko turismo bulegoa irekita izango da. Ostegunetik astelehenera 11:00etatik 14:00ak arte eta16:00etatik 19:00etara izango da Basazabal jauregiko beheko solairuan dagoen Turismo Bulegoa irekita. Bertan, Azpeitia ezagutzeko hamaika moduren inguruko informazioa eskainiko da. Parrokia, Bakardadearen kapera eta Madalenako etxea ikusteko aukera ere eskainiko zaie, aurrez eskaera eginten dutenei.

Loiola, Izarraitz, Parrokia, Ekoetxea, Sanagustin, Azoka Plaza, Madalenako erietxea, Izarraizko atea parkea, Xaguxatarren ibilbidea, Xoxote eta bertako ibilbideak, Basazabal eta beste hainbat naturgune eta ondare historiko dira erakargarri bisitari eta turistentzat. Herri bizia da Azpeitia, bizitzeko modukoa. Euskaraz da Azpeitia; euskaraz bizi da. Oinezkotutako plazan bertan daude bisitariek ezagutu beharreko hainbat puntu: Sanagustin kulturgunea; kulturgune bilakatutako eliza; Udaletxea eta eraberritutako azoka plaza; bertako produktuen plaza. Bada zer ikusia, zer sentitua eta zer bizitua.

 

Tren museoa, ekoetxea eta Igarako errota

Azpeitiko Trenaren Museoa eta Ingurumen Museoa zabalik izango dira Aste Santuan ere. Ingurumen Museoa irekita izango da egunero, 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 18:30era. Museoak, Igarako Errota ere bisitatzeko aukera jarriko du Aste Santuan, ostegunetik igandera bitartean, 12:00etan (bisitak irauten duen bitartean, museoa itxita izango da). Museorako zein errotarako sarrera doakoa da, eta museotik abiatuta, Xaguxatarren ibilbidea egin edo xaguxatarren parkean jolasteko aukera ere badago. Igarako errota, berriz, Loiolako santutegitik metro gutxira, Sistiagako bidegurutzean, dagoen XVIII. mendeko errota da, eta bisitariek nola funtzionatzen duten ezagutzeko aukera izango dute.

Tren Museoari dagokionez, lurrun trenaren denboraldia Aste Santuan abiatuko da. Burdinbidearen Euskal Museoak Europako trenbide bildumarik hoberenetariko bat dauka, mota guztietako ibilgailuekin: lurrun, diesel eta elektrikoak diren lokomotorak, automotoreak eta bagoi mota desberdinak. Horrez gain, Euskadiko makina-erreminta multzo osoenetakoa eskaintzen du, Urolako Trenbidearen tailer mekanikoa izandakoaren bitartez. Instalazio hau 1925ean inauguratu zen bezala dago, txirrika, uhal eta lokaztu sistema konplexu baten bidez 16 makina funtzionarazten dituen antzinako motor elektriko batekin. Antzinako eraldatze elektrikoko zentralaren instalazio harrigarriak, jatorrizko zuzentze ekipoekin, merkurioko lurrunaren bidez, duela mende bateko teknologia modernoena islatzen dute.

Autokarabanentzako gunea, Goenan
Autokarabanan etortzen diren bisitarientzako gunea dago egokituta Goenako naturgunean. Zerbitzugune honek autokarabanak aparkatzeko espazioak dauka eta ur-hartuneak ere bai (urak botatzeko eta hartzeko). Doako zerbitzua da, eta erabiltzaileek gunea erabili ondoren, egoera higieniko onenean utzi beharko dute. Gehienez ere 72 ordu jarraian egon ahal izango dute bertan karabanek.