eLankidetzak gaur argitaratu du 2022ko proiektu humanitarioentzako laguntzen urteko deialdia

0
PRUEBA

Ukraina inbaditu aurretik, Nazio Batuek aurreikusi zuten 2022an 274 milioi pertsona krisi humanitarioan egongo zirela, aurreko urtean baino % 17 gehiago. Ukrainako krisiaren ondorioz, osasun krisiaren eta klima-aldaketaren eraginari gehitu behar zaio elikagaien eta energiaren prezioaren igoera. Hori guztia dela eta, goseteak, nahitaezko desplazamenduak eta ur eskasia areagotu dira azken hilabeteotan.

Egoera horiei erantzuteko, eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailean dagoena, ekintza humanitarioko proiektuetarako laguntzak jasotzeko 2022eko deialdia argitaratu du gaur.

Aurten, eLankidetzak 4 milioi euro bideratuko ditu krisi humanitarioak jotako pertsonak babestera. Urtebeteko ekimenak finantzatuko ditu eta bakoitzak, gehienez, 200.000 euro jasoko ditu. Proiektuak aurkeztu ahalko dira funtsak agortu arte.

Bestalde, datozen hilabeteetan, eLankidetzak beste deialdi bat irekiko du eta 3 milioi euro zuzenduko ditu estrategia humanitarioetara. Estrategia horiekin, krisiek jotako biztanleriari laguntzeaz gain, tokiko erakunde humanitarioak indartu eta euskal gizartea sentsibilizatzeko ekintzak gauzatuko dituzte.

Bi deialdietan aurkezten diren ekimenen herena Afrikako kontinentean gauzatzea lehenetsiko da, bertan baitaude munduko krisietako asko.

2021ean babestutako krisiak

2021ean, eLankidetzak Euskadiko zein tokiko erakundeek gauzatutako 37 proiektu eta estrategia lagundu zituen kronifikatu diren eta hedabideetan zein finantzazio arreta eskasa duten gatazketan. Hala, ekimenek Palestinako, Mendebaldeko Saharako, Kongoko, Erdialdeko Amerikako edo Irakeko errefuxiatuak artatu zituzten, besteak beste.

Ekintzek, indarkeriaren biktima diren emakumeei eman zien arreta bereziki, hala nola Mexikoko aterpetxeetan AEBetarako bidean daudenei edo Ugandan sexu-indarkeria jasandako biktimei.

Gainera, ekimen batzuk haurtzaroan zentratu ziren; adibidez, Hego Sudanen talde armatuetatik askatutako adingabeei arreta ematea; atxilotu eta torturatu dituzten haur palestinarrei laguntza psikosoziala ematea; Maguindanaoko, Filipinak, gatazka armatuaren biktima izan diren adingabeei kalitatezko hezkuntza eskaintzea, edo gazteen nutrizio baldintzak hobetzea errefuxiatu sahararren kanpalekuetan, Tindufen.