Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua gaur goizean agertu da Eusko Legebiltzarraren aurrera, berak eskatuta, Euskadiko Gorroto Gertakariei buruzko 2021ko Txostena aurkeztera. Dokumentua UPV/EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrako Jon Mirena Landak eta Enara Garrok zuzenduta eta koordinatuta egin da.
Txostenean jaso eta aztertzen dira gorroto-gertakariekin lotuta Ertzaintzak 2021ean erregistratu zituen 277 delitu eta 2 arau-hauste administratibo (zifra oso baxua da eta ez da batere ohikoa, batez ere kirol-ikuskizunetan, gaueko aisian eta ostalaritzan Covid-19aren ondorioz ezarritako mugen ondorioz); ekitaldian berriz ere nabarmen egin dute gora kasuek (+% 15). Igoeraren arrazoi nagusiak dira era horretako portaeren aurkako kontzientzia eta intolerantzia handiagoa, salaketak instruitzeko polizia teknikoki hobeto prestatuta egotea, erregistroaren sistematikan aurrera egin izana eta abar. Berez, txostenean bertan jartzen duen bezala, “Euskadin detekzio polizialeko antenak hobetu egin dira, eta, hurrenez hurren, zigorgabetasuna murriztu egin da”.
GORROTO DELITUAK 2021ean
2021ean erregistratutako 277 gorroto-delituetatik gehien-gehienak izaera arrazista edo xenofoboa duten delituak dira berriz ere, hain zuzen ere, era horretako delituen % 58,48 (162 kasu, +% 38,4 2020rekin alderatuta). Baina aurreko urtearekin alderatuta igoerarik handiena izan dutenak (2020arekin alderatuta +% 46) sexu-orientazioarekin eta -identitatearekin zerikusia dutenak dira, % 26 baitira (73 kasu). Berez, delitu-mota hori dagoeneko delitu horien bigarren arrazoi nagusi gisa finkatu da. Txostenean aipatzen da “gertakarien jomugan dauden kolektiboak egonkortu” izana Euskadin.
Kolektibo zaurgarrien aurkako delituen arrazoien artean, tarte handi batera, daude sexua (17 kasu, % 6,1), dibertsitate funtzionala (10 kasu, % 3,6), ideologia edo orientazio politikoa (10 kasu, % 3,6), sinesmen edo praktika erlijiosoak (3 kasu, % 1) eta aporofobia (2 kasu, % 0,7).
ARRAZAKERIA/XENOFOBIA (18. or.)
2021ean arrazoi horrengatik erasoa jasan zuten 162 pertsonetako gehienak arabiarrak izan ziren behin berriro ere (47 kasu, eraso arrazista edo xenofobo guztien ia % 30), eta ondoren pertsona latinoamerikarrak eta beltzak.
SEXU ORIENTAZIOA/IDENTITATEA (18. or.)
Kategoria honetan guztira 73 kasu ikertu ziren, eta, gainerakoen gainetik, kolektibo biktimizatuena gizonezko homosexualena da, salaketa guztien ia % 70 pilatzen baititu, guztira 51 kasu.
DELITU-TIPOLOGIA (20. or.)
2021ean delitu-gertakari ugarienak, gainerakoen gainetik, lesioak izan ziren (98 kasu, guztien % 35,3), eta ondoren mehatxuak (60 kasu, % 21,6), hertsapenak (28 kasu, guztien % 10,1), gorroto-diskurtsoa (20 kasu, % 7,2) eta tratu iraingarria (18 kasu, guztien % 6,5).
LURRALDEEN ARABERAKO BANAKETA (24. or.)
Bizkaia izan zen gorroto-delitu gehien erregistratu zituen lurraldea, guztien % 52,7rekin, eta Gipuzkoan kasuen % 31 erregistratu ziren eta Araban % 15,8. Udalez udal aztertuta, gorroto-delitu gehien erregistratu zituzten hiriak hauek izan ziren, ordenari jarraituz: Bilbo, guztien % 16,6; Gasteiz, % 12,7; eta Irun, % 11,6.
DELITUAREN LEKUA (29. or.)
Gorroto-delitu gehienak, 2021ean, kalean gertatu ziren, % 31,7, hain zuzen ere (110 kasu). Bigarrenez, kasuen % 16,6 (46 kasu) etxe barruan edo gune komunetan gertatu ziren, eta tarte handi batera daude ostalaritzako, aisialdiko edo antzeko lekuetan gertatutako delituak, kasuen % 8,6 (24 kasu).
Asteko egunaren eta eguneko orduaren banaketari dagokionez, gorroto-delituen laurdena asteburuan gertatu ziren, eta gehienak, % 63,1, arratsaldez eta gauez. (32, 33 eta 34. orr.).
BIKTIMAK ETA BIKTIMARIOAK
-
- Eraso horien biktimei dagokienez, erdiak jatorriz euskaldunak dira (biktima atzerritarren kasuan, eraso gehien jasaten dituen kolektiboa marokoarrena eta kolonbiarrena da), gizonak, eta 2021ean batez besteko adina 37 urtekoa izan zen. (45-50 orr.)
-
- Inputatutako pertsonei dagokienez, gehien-gehienak (35-50 orr.) jatorriz euskaldunak ziren, gizonak (% 76,3), eta 2021ean horien batez besteko adina 35,7 urtekoa zen.
KONPARAZIOA ESTATUAREKIN
Txostenean ikusten denez, Euskadin sarrien egiten den delituak, hau da, gorrotoagatik egindako lesio-delituak, bikoiztu egiten du Estatuko batez bestekoa. Era berean, txostenaren arabera, Euskadin kolektiborik biktimizatuenak kolektibo etnikoak eta sexu taldeak dira; Estatuan, aldiz, arrazoi ideologikoak dituzten delituak Euskadikoak baino askoz ere gehiago dira, Euskadin ez baitira guztien % 3,6ra ere iristen.