Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak eta Jon Mirena Landa UPV/EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrako zuzendariak Eusko Legebiltzarrean aurkeztu duten Euskadiko Gorroto Gertakariei buruzko 2021eko Txostenak lehenbiziko aldiz jaso duen azterlan pilotu batean sakontasunez eta ikuspegi juridiko-kriminologikotik aztertzen dira Euskadin bikotekideek edo bikotekide ohiek hildako emakumeei buruzko 25 epai. Azterlan berritzailea eta aitzindaria da, eta gorroto-delituen eta genero-indarkeriako delituen arteko intersekzioa aztertzea du helburu.
Lanak agerian jarri du generoaren arrazoi diskriminatzailea egoera astungarri moduan sartu behar dela gorroto-delitu bat aztertzen eta epaitzen denean, beste delitu batzuekin ere egiten den bezala, esate baterako, erasoekin, homizidioekin edo hilketekin.
2002-2020 EPAIAK
Azterketa Euskadiko 25 emakumeren hilketengatik Euskadiko epaitegiek 2002tik 2020ra bitartean emandako epaietan oinarritzen da. Eta 25 kasu horiek aukeratu dira polizia-ikerketaren fasetik lehen auzialdian epaia ematen den fasera arteko trazabilitatea bermatzen dutelako.
Txostenak honako ondorioak egiaztatzen ditu:
-
- Hilketak argitu ditu Ertzaintzak.
-
- Ez da gertaera isolatua izan, baizik eta kontrol eta menderatze prozesu batean egin da, eta prozesu horretan emakumea indarkeria fisikoaren, psikologikoaren, sexualaren edo ekonomikoaren mende zegoen.
-
- Egile gizonezkoei espetxe-zigor esanguratsuak jarri zaizkie.
-
- Gero eta gehiagotan, epaileek zigor erantsiak gehitzen dizkiote espetxe-zigorrari, hala nola seme-alaben guraso-ahalaren eskubidea egikaritzeko desgaikuntza berezia edo guraso-ahala kentzea ama hil dutenean, aurrean zeuden ala ez kontuan izan gabe.
Hiltzailearen profilari dagokionez, azterlanak alderdi hauek jarri ditu agerian:
-
- Bikotekidea edo bikotekide ohia hiltzen duen gizonaren batez besteko adina 46,4 urtekoa da.
-
- Oraindik elkarbizitza-harremanen bat edo loturaren bat dute.
-
- Kasu askotan faktore abiarazlea izaten da, hain zuzen ere, biktimak banantzeko edo harremana bertan behera uzteko asmoa jakinaraztea.
-
- Kasurik gehienetan etxean egiten dio eraso eta/edo hiltzen du.
-
- Neurri handiagoan, udako hilabeteetan eta asteburuetan.
-
- Kasurik gehienetan arma zuri bat erabiltzen du.
-
- Seme-alabak umezurtz uzten ditu.
Emakume horien % 70ek ez zituzten egitateak aurretik salatu.