Euskadiko Larrialdietako Zerbitzuek bi pertsona erreskatatu dituzte Hondarribian eta Urkabustaizen

0
PRUEBA

Euskadiko Larrialdietako Zerbitzuek 46 eta 58 urteko bi pertsona erreskatatu dituzte gaur, igandea, arratsaldean, Hondarribian, Jaizkibel mendian, eta Urkabustaizen, Gujuliko ur-jauziaren bidean. Lehenengoak uzkurdura izan du bikian eta Bidasoako Eskualde Ospitalera eraman dute; bigarrena, berriz, Gasteizko Txagorritxu Ospitalera eraman dute haustura batekin.

Gaur arratsaldeko ordu biak aldera, partikular batek SOS Deiak 112 Larrialdiei Aurre Egiteko Zerbitzura deitu du Hondarribiko Jaizkibel mendian, Labetxuko ibilbidean, lagun batek bikian uzkurdura izan duela eta ezin zuela oinez jarraitu esanez.

Irungo Ertzain-etxeko herritarren babeserako patruila bat eta suhiltzaileak joan dira adierazitako lekura, eta zauritua, 46 urteko gizona, aurkitu ondoren, ohatila batean eraman dute ibilgailuak zeuden lekura. Handik GI-3440 errepidera, Hondarribira eraman dute, eta bertan zain zuten anbulantziak hartu eta Bidasoako Eskualde Ospitalera eraman du.

Arratsaldeko ordu biak eta laurden aldera, beste pertsona batek SOS Deiak zerbitzura deitu du laguntza eske, lagun batek Gujuliko ur-jauzian, Urkabustaizen, hanka hautsi duela esanez.

Gertaeraren berri izan bezain laster abiatu dira esandako lekura Ertzaintzaren herritarren babeserako patruila bat, Zaintza eta Erreskate Unitateko Mendiko Ataleko agenteak, helikoptero bat eta suhiltzaileak.

Arratsaldeko hiruak hogei gutxian aurkitu dute patruilako agenteek 58 urteko emakumea, eta suhiltzaileek ohatila batean jaitsi dute helikopteroa zegoen lekura, eta aireontziak eraman du Txagorritxu Ospitalera. Bi erreskateak Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko teknikari batek koordinatu ditu.