PLASTIC2PLASTIC proiektuak Zorroza Gestión du buru, mota guztietako hondakinak bildu eta birziklatzen dituen enpresa. Petronorrekin eta Gaiker zentro teknologikoarekin batera, ekimen honek birziklatze-prozesuetan ikerketa eta berrikuntza bultzatu nahi ditu, oraingoan pirolisiaren aldeko apustua eginez. Prozesu horri esker, hondakin plastikoetan oinarrituta, findegien sektorean eta industria petrokimikoan lehengai gisa erabiltzeko kalitatea duen olioa lor daiteke.
Ekimen horren bidez, parte hartzen duten eragileek hondakin horiei beste erabilera bat eman nahi diote. Gainera, baliabide berrien erauzketan, gastu handiko prozesua, lehengaiak eta energia aurreztu nahi dute, eta CO2 emisioen eta karbono-aztarnaren kopuruak ere behera egitea espero dute.
Murgan (Araba) egoitza duen enpresak duela gutxi gidatutako beste proiektu bat FLOTO da. Polietilenozko poltsak egiten dituen Leunam enpresarekin batera, hurbiltasunean oinarritutako birziklatze-prozesu industrial bat garatu zuten, nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategietan sortutako hondakin plastikoak bilduz. Horrela, sektoreko enpresak sortzen duten polietilenozko hondakinei ekonomia zirkularrean oinarritutako soluzio bat ematen da. Urtero 450 tona plastiko eta 985 tona CO2 baliokide aurreztea lortu da ekimen horren bidez. Bi proiektuek Ihoberen lankidetza ere badute.
Zorroza Gestionek 40 urte baino gehiago dihardu hondakinak biltzen eta birziklatzen, hala nola kartoia, zura, mota guztietako plastikoak, edo metalak. Xabier Zorroza enpresako zuzendari teknikoak adierazi duenez, “ez gara bilketa eta kudeaketarekin soilik konformatzen, beharrezko kudeaketak errazten ditugu eta kasu askotan gure bezeroei ezezagunak zaizkion zereginak egiten ditugu”. Enpresak, bere ekoizpenaren bidez, zabortegira eramaten diren hondakinen kopurua gutxitzen jarraitu nahi du. Horretarako, “beharrezkoa izango da hondakinak bereizteko, birziklatzeko eta balorizatzeko gure prozesuak optimizatzea eta modernizatzea”.
SPRI Taldea RIS 3 Euskadi estrategia abian jartzen duten eragileetako bat da, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren ZTBP 2030 barruan Euskadik ikerketaren eta berrikuntzaren alde egiten duen apustu estrategikoa adierazten du.
2030erako ZTBP berriak 3 lehentasun estrategiko ezartzen ditu: Industria Adimenduna, Energia Garbiagoak, Osasun pertsonalizatua. Aldi berean, aukerako 4 lurralde ezartzen ditu: Elikadura osasungarria, Ekoberrikuntza, Hiri Jasangarriak eta Euskadi Sortzailea, eta Zeharkako Trakzio-Ekimenen kontzeptua sartzen du, RIS3 arloen arteko lankidetza bultzatuko duen tresna gisa ulertuta eremu estrategiko zehatzetan, eta Euskadik trantsizio teknologiko-digital, energetiko-klimatiko eta sozial eta sanitario hirukoitzari aurre egin ahal izan diezaion lagunduko dutenak. Deskargatu ZTBP 2030 osoa.