Zorrotzako kiroldegiko atletismo-pistaren eta errugbi-eremuaren ondoko eraikina birmoldatu eta handituko da

0

Bilboko Udalak Zorrotzako kiroldegiko atletismo-pistaren eta errugbi-eremuaren ondoko eraikina birmoldatu eta handituko du, Bilbao Kirolaken bitartez.

Proiektu horren helburua da gaur egungo guneak berritzea —zaharkituak geratu dira—, eta orain libre dagoen eremu mugakidea baliatzea jarduerak handitzeko eta erabilera berrietarako.

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Itxaso Erroteta Gazteria eta Kiroleko zinegotzia obrak egingo diren instalazioetan egon dira gaur goizean, eta esku-hartzearen xehetasunen berri eman dute. Bilbao Atletismo Santutxu eta Universitario Bilbao Rugby taldeetako ordezkari eta kirolariak ere izan dira bertan (instalazio horiek erabili ohi dituzten uriko klub biak).

Bilboko alkateak gogorarazi du orain egingo diren lanek urrian amaitutakoak osatuko dituztelaatletismo-pistako zoladura eta beroketa-guneko belar artifiziala berritzea; modalitatearen berezko elementuak hobetzea, eta markatzea, pintatzea eta seinaleztatzea—.

Aburtok azpimarratu duenez, «aurreikusitako jarduketa honekin, Zorrotzako gure kirol-instalazioak eguneratzeko eta instalazio horiei kalitate handiagoa emateko esku-hartzea osatuko dugu, eta, aldi berean, Bilbon atletismoan eta errugbian aritzen direnen beharrizanei erantzungo diegu». Zentzu horretan, Aburtok nabarmendu du «Udalaren konpromisoa» dela «Bilboko udal kirol-instalazioen etengabeko hobekuntza», eta ahalbidetzen duela «aurrera egitea, Bilbo uri gero eta osasungarriagoa bihurtzeko helburuan; uri bat, non jarduera fisikoa bilbotarren egunerokoaren parte izango den».

Lanak 2022ko maiatzean hasiko dira, eta aurreikusi da 16 hilabete iraungo dutela (hau da, 2023ko irailean amaituko direla). 2.130.566 euroko inbertsioa egingo dute bertan.

Lanak egin bitartean, gaur egungo beroketa-pistaren erdiari baino ez zaio eragingo. Beraz, klubek eta kirolariek instalazioak erabiltzen jarraitu ahalko dute, normaltasun osoz.

ERAIKIN BERRIA

Eraikin berriak 1.761 m2 izango ditu, bi pisutan banatuta.

Beheko solairuan honako hauek egongo dira:

    • sarrerako halla, eskailera eta solairu biak lotzeko igogailua,

 

    • 5 aldagela independente berri, dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako egokituak. Armairuak, bankuak, dutxak eta komunak izango dituzte denek.

 

    • kluben materialak eta atletismo-pistakoak gordetzeko biltegiratze-modulu bat, material pisutsurako ibilgailu-sarbidearekin,

 

    • instalazioen areto bat, eraikin berriko klimatizazioaren eta ur beroaren instalazioetarako.

 

Lehenengo solairuan, berriz, honako hauek egongo dira:

    • erabilera anitzeko areto bat,

 

    • komun publikoak,

 

    • eta biltegi bat.

 

Eraikin berriak pasabide bat izango du kanpoaldetik, eta sarrerako ataria baliatuko dute atletismoko deietarako gune bat egiteko. Halaber, harmailetan esku hartuko da, eremu hori guztiz irisgarria izan dadin.

GAUR EGUNGO INSTALAZIOA BIRMOLDATZEA

Eraikin biak, berria eta birmoldatua, konektatuta egongo dira.

Gaur egungo eraikinean, hobekuntza-lanak eta espazioa berrantolatzekoak egingo dituzte:

    • finish dorrea eraikinean, fatxadako beiratea berrituko dute,

 

    • eta, instalazio osagarrien eremuan, aldagelak, epaile eta arbitroen gunea eta erizaintzaren eta lehen sorospenen gunea birmoldatuko dituzte.

 

Instalaziok, guztira, ia 2.000 m2 izango ditu.

Bilbao Kirolakek obrak baliatuko ditu egungo spinning aretoa lekuz aldatzeko, eta areto hori orain dagoen lekua erabiliko du Zorrotzako kiroldegiko barne-komunikazioak hobetzeko.

SARE SOZIALAK:

#EmanKirolari #aktibazaitez