Arratiako haranak dinamizazio sozioekonomikorako erakargune berria izango du Zulaibar Lanbide Ikastegiko instalazioetan, Zeanurin. Eskualdearen lan eta enpresa sustapena eta eskaintza, LHko ziklo berrien hezkuntza eskaintza eta ekintzailetza eta nazioartekotzea biderkatuko ditu, eta berrikuntza eta heziketa eskaintza aukera berriak emango dizkie Arratiako enpresei.
Zulaibar Lanbide Ikastegia aldaketa eta hobekuntza une batean dago. Campus Zulaibar proiektuak ikastegiaren hezkuntza eskaintza bultzatuko du, inguruko enpresa eta agente sozio-ekonomikoekin duen harremana indartzeaz gain. Ikasle berriak sendotze prozesuaren ezinbesteko parte dira.
ETHAZI metodologia: ikaskuntza erronkak, Lanbide Heziketan hobeto eta gehiago ikasteko modua
Zulaibar Lanbide Ikastegiak ETHAZI hezkuntza metodoa osorik garatzen du, erronketan oinarritutako metodologia berria, non ikasleek, lortu behar dituzten gaitasun teknikoez gain, zeharkako beste konpetentzia batzuk lortzen dituzten, euren lan etorkizunari dagokionez (talde lana, komunikazioa, inplikazioa, ekimena, erantzukizuna…).
Metodologia erronketan oinarrituta dago, eta, horren bidez, ikasleak, irakasleak eta enpresak inplikatu nahi dira, alde guztiek etekina atera dezaten. Ikasleek maila handiagoa lortzen dute oinarrizko gaitasunetan zein gaitasun teknologiko eta zeharkakoetan (talde lana, komunikazioa, inplikazioa, ekimena, erantzukizuna…). Ikaskuntza prozesuan protagonismo handiagoa hartzeaz gain.
Irakasleek irakaskuntza, ebaluazio eta feedback metodologia berriak ezagutzen dituzte, euren rolean aldaketa bat lortzen dute, eta horrek gogobetetze-maila handiagoa ematen dio irakasleari, eta egiaztatzen dute aldaketa metodologiko horiek prestakuntza hobea dakartela ikasleengan. Enpresek, bestalde, zeharkako konpetentzietan prestakuntza handiagoa duten eta sormen/barne-ekintzailetzako zereginetan parte hartzeko prestutasun handiagoa duten pertsonak izateko dituzten eskaerak eta premiak asetuta ikusten dituzte.
Ate Irekien Jardunaldia Zulaibar Lanbide Ikastegian
Ate irekietako jardunaldiek hezkuntza proiektuaren ezaugarriak eta bertuteak bertatik-bertara ezagutzeko aukera ematen dute. Ingurunera ohitzeko eta ikaskuntza prozesua zuzenduko duten profesionalekin elkar eragiteko aukera dira.
Instalazioak bisitatzeak hezkuntza proiektuak sakonago ezagutzea ahalbidetzen du. Zulaibar Lanbide Ikastegiak ate irekien jardunaldia eskainiko du maiatzaren 11n 18:00etan. Bertaratzeko interesa duten pertsonek hurrengo formularioaren bitartez eman dezakete izena.