Barakaldok hondakin gehiago birziklatu ditu, zehazki, 1.900 tona gehiago 2021ean

0

Barakaldoko Udalak azken urtean zehar hondakin gehiago jaso ditu, bai eta, besteak beste, paper, beira eta hondakin organiko gehiago birziklatu ere. Halaxe adierazi du Jon Andoni Uriak, Auzoetarako eta Hirirako Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak, azken uretan hirian jaso diren hondakinen balantzea egin ostean. Barakaldon 36.783,20 tona jaso dira azken urtean, hau da, 2020an baino 1.900 hondakin inguru gehiago (34.946,83 tona jaso ziren 2020an).

Azken urteotan, Barakaldon birziklapena bultzatu da hirian edukiontzi gehiago jartzearen bidez. Horrela, ohiko errefusa, papera eta ontziak botatzeko edukiontzi sortari beste edukiontzi batzuk gehitu zaizkio: etxeko olioa botatzeko edukiontzia, arropa eta etxetresna elektriko txikiak birziklatzeko edukiontzi zuriak, piletarako ontziak eta bosgarren edukiontzia hiriko auzo guztietara guztiz zabaldu zen 2020ko urtarrilean. «Barakaldo jasangarriago baten aldeko apustua egin dugu. Hori lortzeko, herritarrak kontzientziatu behar ditugu eta beharrezko tresnak eskaini behar dizkiegu hondakinak erraz eta eroso bereiz ditzaten. Horregatik etxeko olioa biltzeko zerbitzua ematearen edota edukiontzi marroiaren aldeko apustua egindu, eta auzoetan zabaldu ditugu, guztiok edukiontziak gertu izan ditzagun, birziklatzea erraza izan dadin» azaldu du zinegotziak.

Horrela, hondakin organiko gehiago jaso dira, aurreko urtean baino 136.020 kilo gehiago jaso dira Barakaldoko auzoetan zehar jarri diren 265 edukiontzi marroiei esker (2020an 347.140 kilo jaso ziren eta 2021ean, ordea, 483.160 kilo). «Gero eta familia gehiagok erabiltzen dute bosgarren edukiontzia, eta hori dela eta datuek goranzko joera dute etengabe» azpimarratu du Auzoetarako eta Hirirako Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak.

DATUAK HONDAKIN MOTAREN ARABERA

Zehazki, Barakaldon 28.452 tona hondakin jaso dira. Aurreko urtean 27.518 tona jaso ziren. Oro har, aurreko urteekin alderatuta, hondakin mota guztiak birziklatu dira gehiago ontziak izan ezik. Zehazki, 2020an baino 79.000 kilo gutxiago jaso dira (2020an 1.441.246 kilo jaso ziren eta 2021ean, aldiz, 1.362.013 kilo). «Horrek esan nahi du ere ontzi gutxiago erabili direla, eta agian plastiko gutxiago ere, hortaz, adierazle on bat izan daiteke» nabarmendu du Uriak.

Paperari dagokionez, udalerrian horretarako 272 edukiontzi daude eta datuek gora egin dute, 2020an 2.069.920 kilo jaso ziren eta pasa den urtean 2.170.850 kilo. Barakaldarrek beira birziklatzeko 311 edukiontzi dituzte hirian zehar, eta horiei esker 2.125.028 kilo beira jaso ziren pasa den urtean, hau da, 2020an baino 375.220 kilo gehiago.

Azpimarratu behar da ere Udalak doan ematen duen altzariak eta tresneria handia jasotzeko zerbitzuaren bidez bildu diren hondakin kopurua. Pasa den urtean 850.470 kilo jaso ziren eta 2020an 637.940 kilo jaso ziren. «Tresneria handiari dagokionez, 212.530 kilo gehiago jaso ditugu. Gustatuko litzaidake bizilagunei gogoraraztea doako zerbitzua dela eta 010 zenbakiaren bidez eska daitekeela. Nahikoa da hitzordua eskatzea altzariak uzteko eta kaleak zikintzea saihesteko» azaldu du zinegotziak.

Inausketari eta lorezaintzari dagokionez hondakin gehiago jaso dira ere: 2020an 822.260 kilo jaso ziren eta 2021ean 973.700 kilo. Nabarmentzekoa da olioaren bilketaren egoera. «2020an hirian erabilitako olioa botatzeko bost aldiz edukiontzi gehiago jarri genituen, 50 baino gehiago dira orain. Horrela, 50.776 kilo olio birziklatu genituen, eta datuek 1.140 kilotan egin dute gora, hau da, 51.916 kilo jaso ditugu» azpimarratu du.

«Datu horiek dira barakaldarrok azken urtean zehar egin dugun ahaleginaren emaitza, hondakinak bereizteko eta hondakinak behar bezala birziklatzeko; ahalegin hori egiteagatik eskerrak eman nahi dizkizuet hemendik, planeta zaintzea guztion erantzukizuna delako» esan du zinegotziak.