Bide Segurtasun kanpaina bizikleta eta Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuetan oinarrituta

0

Donostiako Udalak, Mugikortasun Departamentuaren bitartez, Bide Segurtasun kanpaina bat egingo du apirilaren 18tik 24ra, Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuetan (MPI) eta zikloetan oinarrituta, normalean intzidentzia edo kexa gehien izaten dituzten hiriko guneetan.

Pazko astean zehar, Mugikortasun agenteek kanpaina hau egingo dute Trafikoari eta Bide Segurtasunari buruzko Legean jasotako arau aldaketa berriak direla eta. Lege hori joan den martxoaren 21ean jarri zen indarrean, eta mota honetako ibilgailuei ere eragiten die.

Berritasunak

Araudi berri horrek arautzen dituen berritasunen artean, Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuetan (patineteak) dagokienez, honako hauek daude: kaskoa une oro eraman beharra, arropa islatzailea gauez eraman beharra, hiriko tuneletatik, zeharbideetatik, autobideetatik edo autobietatik zirkulatzeko debekua, adingabeen alkoholaren 0,0 muga edo zirkulazio ziurtagiria eduki beharra.

Arau hauei, gainera, honako hauek gehitzen zaizkie: espaloietan eta oinezkoentzako guneetan zirkulatzeko debekua, aurikularrak edo telefono mugikorra erabiltzeko debekua, pertsona bat baino gehiago ibilgailuan egotea, 25 km/h-ko abiadura muga edo txirrina, balaztatzeko sistema, aurreko eta atzeko argia eta aurreko eta atzeko katadrioptikoak (islatzaileak) eramateko betebeharra.

Kanpaina

Kanpaina batez ere pedagogikoa bada ere, zuzendu beharrekotzat jotzen diren arau hausteen gaineko zigorrak ere jarriko dira, segurtasuna areagotzeko eta gertakariak edo istripuak saihesteko.

Zigortu daitezken ekintza horien artean honako hauek daude: espaloietan zirkulatzea, semaforoa argi gorriz pasatzea, oinezkoen pasabidea ez errespetatzea, entzungailuekin zirkulatzea, mugikorretik hitz eginez zirkulatzea eta pertsona bat baino gehiago zirkulatzea, bai bizikletetan, bai patineteetan (bizikletetan, zazpi urtetik beherakoen kasuak salbuesten dira, gidaria adinez nagusi eta eserleku homologatuan izanik).

Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuen kasuan, aste honetan oraindik ez dira salatuko arau berritasunak, hala nola kaskoa nahitaez erabiltzea, adingabeen alkohol-tasa 0,0 izatea, gauean elementu islatzailea erabiltzea edo tuneletan zirkulatzea.

Bizikletei dagokienez, kanpaina honetan ez da zigortuko ibilgailuan txirrinik ez izatea, ikuspen txarreko baldintzetan argirik ez izatea edo tuneletatik ibiltzea.

2022/04/13-an argitaratua