Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Idoia Mendia bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuarekin batera.
Bere aldetik, Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak Gobernu Kontseiluak gaur onartu duen 2021-2024 Enplegu Plan Estrategikoa aurkeztu du. Plan horren bidez, Euskadik postpandemian bultzada sozioekonomikoa ematen lagundu nahi da, hiru trantsizioak ezarriz, digitala, energetiko-klimatikoa eta demografikoa, bai eta enplegu inklusiboa eta kalitatezkoa sustatzea ere, kontratu sozial berri baterako. “Hori da Planak ezartzen duen xedea: gizarte-, ekonomia- eta erakunde-eragileen artean beharrezkoak diren orekak lortzea, kalitatezko enplegua posible izan dadin ekonomia lehiakor eta globalizatu batean. Ekonomia eraldaketa-prozesu sakon batean dagoen honetan, eta etengabeko estresa jasanten ari delarik, egoera honi langile kualifikatuagoekin eta bizi-baldintzak hobetzeko aukera handiagoak dituztenekin aurre egin behar zaio”, adierazi du.
2021-2024 Enplegu Plan Estrategikoak 2.071 milioi euro bideratzea aurreikusten du 80.000 enplegu sortzea sustatzeko, 23.000 enpresa laguntzeko eta 48.100 langabe birkualifikatzeko. Bere helburuen artean, kalitatezko enplegua sustatzea nabarmentzen da, pertsona guztiak gizarteratzeko eta laneratzeko baldintzetan.
GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK
Gainera, ohikoa den bezala, Bingen Zupiria sailburuak, jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:
Alde batetik, Gobernu Kontseiluak ekonomia dinamizatzeko, enpleguari eusteko eta pertsona eta familia ahulenei laguntzeko neurri-sorta onetsi du gaur, Ukrainako gerraren ondorioei aurre egiteko (158 M €). Hala, bi funts espezifiko sortzea erabaki da: ERRESKATE SOZIALA, 15,1M €-koa, euskal herritar kalteberentzako gizarte-laguntza osagarriak finanziatzeko eta errefuxiatu ukrainarrak hartzeko laguntza sozialak bideratzeko; eta ERRESKATE EKONOMIKORAKO FUNTSA, 142,9M €-koa, laguntza osagarriak bideratzeko enpresa eta mikroenpresei begira, lehen sektoreko enpresentzat eta merkataritza-sektorearentzat. Halaber, enpresen LIKIDEZIA BERMATZEKO eta enpleguari eusteko, 43M € mobilizatuko dira erasandako sektoreentzako kredituetan.
Gainera, Eusko Jaurlaritzak Nekazaritza Politika Bateratuan (NPB) 2022rako emango diren zuzeneko laguntzak iragarri ditu. Ekitaldi honetako laguntzen zenbatekoa 44 milioi eurokoa izango dela zenbatetsi da. Laguntzen osotasuna Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak finantzatzen du, eta gobernu autonomikoaren Erakunde Ordaintzailearen bidez ordaintzen dira. Laguntza hauen helburua da, belaunaldien arteko erreleboa lortzea, nekazaritza-sektorea modernizatzea, elikakatean berrikuntza eta lehiakortasuna sustatzea, nekazaritzako elikagaien industria babestea eta kalitate-bereizgarrien balio erantsia indartzea. Eta beste alde batetik, ingurumena eta paisaia naturala babesteaz aparte, nekazaritzako inguruan oinarrizko zerbitzuak hornitu eta nekazaritzako eta itsasertzeko inguruan lanpostuak sortu eta dibertsifikatzea.
Hezkuntza arloan, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du bizialdi osoko ikaskuntza erabilgarriko jarduerak burutzeko dirulaguntzetarako deialdia egiten duen Agindua. Deialdi honek 930.000 euroko diru-kopurua du eta bizialdi osoko ikaskuntzako jarduerak laguntzen ditu betiere helduen ezagutza, konpetentzia eta gaitasun-maila zabaltzeko eta herritar aktiboak sustatzea helburu hartuta.
Azkenik, Gobernu Kontseiluak 2022an zinema-emanaldien eta zuzeneko musika-aretoen kudeaketaren eta zuzeneko musika sustapenaren profesional pribatuei zuzendutako COVID-19 laguntzak onartu ditu gaur. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2 milioi euro bideratuko ditu profesional hauei laguntzeko: 500.000 euro zinema-emanaldien kudeaketako autonomoentzako, enpresentzako eta erakunde profesional pribatuentzako eta 1.500.000 euro musika-aretoen kudeaketako eta zuzeneko musika sustapeneko autonomoentzako, enpresentzako eta zuzeneko erakunde profesional pribatuentzako.
UKRAINAR ERREFUXIATUAK
Bestetik, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Ukrainatik ihesean Euskadira etorri direnen egoeraren jarraipena eginez, azken orduko datuak partekatu ditu.
Datuen arabera, 589 errefuxiatu dira Euskadin gaitutako guneetan artatuta daudenak eta 386 haur eta gaztetxo direla iada Hezkuntza sistemak matrikulatu dituenak.
Edozein laguntza-eskaintza bideratzeko Gurutze Gorriaren 945 222 222 zenbakia edo errefuxiatuak@euskadi.eus helbidea daude.