Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak gaur aurkeztu du Aste Santuko irteera-operazioa, eta 2019ko (pandemia aurreko) desplazamendu-kopuru beretsua espero da, baldin eta eguraldiak laguntzen badu. Urte horretan, batez beste, Euskadin sartzeko 509.000 desplazamendu zenbatu ziren eta beste hainbeste Euskaditik irteteko.
Alde batetik, bi urtean Aste Santu normalizaturik izan gabe, trafikoaren bolumena leheneratu egingo dela aurreikusten da. Gogoan izan behar da 2021ean herri askotan konfinamendu perimetrala ezarri zela eta 2020an alarma-egoeran geundela, eta mugikortasunean ezarritako murrizketen ondorioz trafikoa nabarmen murriztu zela (hiriburuetako sarbideetan % 90 ere bai).
Bestalde, ez da baztertzen erregaien prezioak beherantz eragina izatea aurtengo irteera-kopuruan.
Edonola ere, Díaz de Corcuerak nabarmendu du garrantzizkoa dela arduraz gidatzea, alkoholik eta drogarik ez kontsumitzea eta arreta-galtzeak saihestea. Adierazi behar da zigortu egiten dela gidatzean mugikorra erabiltzea, eta, Trafikoko Lege berria ezarriz, gidabaimeneko 6 puntu ere ken daitezkeela.
Istripuen tasa
Eusko Jaurlaritzatik lanean ari dira istripuen tasa murrizteko, Euskadiko errepide-sarean zero biktima izateko ikuspenarekin. Alde horretatik, azpimarratu behar da azken hamarkadan Euskadin ez dela hildakorik izan Aste Santuko egunetan, eta salbuespen bakarrak 2012 (2 pertsona hil ziren) eta 2019 (beste bi pertsona hil ziren) dira.
Aldi horretako istripuen kopuruak beheranzko joera jarraitzen zuen 2021etik (123rekin), eta 2019an 87 izan ziren eta 2020an 23 (urte atipikoa izan zen pandemiak eragindako murrizketen ondorioz). Hala ere, iaz 101 istripu gertatu ziren, nahiz eta ez zen hildakorik izan.
Aste Santuko operazio berezia
Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak apirilaren 13tik 18ra bitartean aurreikusten diren joan-etorriek trafikoan izango dituzten eraginak minimizatzeko hartuko diren neurriak zehaztu ditu.
Ertzaintzako 200 bat agente arituko dira trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko lanetan, zirkulazioa harik eta arinena izan dadin. Zirkulazio-fluxurik handienak honako leku hauetan metatuko direla aurreikusten da:
-
- A-8an, Kantabriako mugan
-
- AP-8an, Biriatuko ordainlekuan
-
- AP-1 eta A-1 lotzen diren lekuan, Armiñónen.
Irteera-operazioan, A-8an, Kantabriako mugan, zirkulazio-intentsitate handia izaten da asteazkenean, 15:00etatik 21:00etara, eta Ostegun Santuan 09:00etatik 15:00etara bitartean. Itzuleran, Bilborako noranzkoan, ibilgailu gehien Pazkoa Astelehenean pilatzen da 13:00etatik 21:00etara. Nabarmendu behar da azken urteotan itzuleran ez dela ilara esanguratsurik sortu Bizkaia aldean, baina bai Kantabria aldean.
AP-8an, Biriatuko ordainlekuan (Frantziarako noranzkoan) ilara luzeenak asteazken arratsaldean, 14:30etik 21:00etara, eta Ostegun Santuan, 08:30etik 16:00etara bitartean izaten dira. Bestalde, Pazkoa Astelehena jai da Frantzian, eta ostiralean eta larunbatean trafiko handia egoten da Donostiarako noranzkoan.
Euskadiko errepide-sareko hirugarren puntu gatazkatsua A-1 eta AP-1 bat lotzen diren lekua, Armiñongo lotunea, izaten da. AP-1eko Burgos-Armiñon zatia liberalizatu izanaren ondorioz, nabarmen egun du gora AP-1 erabiltzen duten ibilgailuen trafikoak (2019ko Aste Santuan % 17). Horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak Armiñongo lotuneko trafiko-pilaketak arintzeko pandemia aurreko urteetan hartzen zituen neurriak berreskuratuko ditu Ertzaintzarekin, Arabako Foru Aldundiarekin eta Miñoien kidegoarekin koordinatuta.
Alde batetik, irteeran (hau da, apirilaren 13an, asteazken arratsaldean, eta apirilaren 14an, Ostegun Santu goizean) trafikoko behin-behineko seinaleak gaituko dira Argantzun (A-1, 334 km) eta Armiñongo A1-/AP-1 lotune (A-1, km 334) artean, A-1ean ibilgailu ugari pilatzen denerako.
Bestalde, itzuleran (hau da, Pazkoa Astelehenean, apirilaren 18an) kartelen eta konoen bidez bideratuko da etenik gabe (80 km/h-ko abiadura iraunkorrean, pasatzen uzteko inolako geldialdirik egin beharrik izan gabe) AP-1etik A-1erako zirkulazio-fluxua, Gasteizerako noranzkoan.
Gomendioak
Irten aurretik, komeni da:
-
- Trafikoaren egoera zein den jakitea. Eusko Jaurlaritzak denbora errealean ematen du informazioa honako baliabide hauen bidez: trafikoa.euskadi.eus, @trafikoaEJGV Twitter kontua, TrafikoaEJGV APPa eta arreta 24 orduan ematen duen 011 telefonoa.
-
- Eguraldiaren aurreikuspena begiratzea eta ibilgailua eta gidatzea inguruabarretara egokitzea.
-
- Alkoholik edo drogarik ez kontsumitzea, ez eta gidatzean eragina izan dezakeen botikarik ere.
-
- Nahitaezkoa da segurtasun-uhala erabiltzea, baita atzeko eserlekuetan ere, eta ziurtatu beharko da adin txikikoek haurrak eusteko sistema egokia daramatela.
-
- Oinarrizkoa da errepideko erabiltzaileen arteko errespetua mantentzea. Kolektibo zaurgarriek, esate baterako, txirrindulariek, begirune eta arreta berezia merezi dute.