Javier Hurtado sailburua: «20 milioi euro emango ditugu laguntza zuzenetan eta merkataritza-bonuetan krisiaren ondorioak arintzeko»

0
PRUEBA

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua elkarrizketatu dute gaur SER Euskadi irratian, eta turismoaren arloko Aste Santuko aurreikuspenak, Ukrainaren inbasioaren ostean merkataritzaren egoera zein den eta horren ondorioak arintzera bideratuko diren laguntzak aztertu ditu.

Sailburuak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak 20 milioi euro bideratuko ditu, merkataritzaren sektorea sustatzeko plan baten barruan, Ukrainaren inbasioak eragindako egoera ekonomikoa arintzen saiatzeko. “15 milioi emango zaizkie laguntza zuzenen bidez krisiak gehien eragiten dien azpisektoreei, zehazki ehungintzaren eta etxeko ekipamenduen sektoreei. Horiei gehitu behar zaizkie beste 5 milioi gutxienez kontsumorako bonuetan. Eta “gutxienez” diot, beste kasu batzuetan bezala beste erakunde batzuei ere emango diegulako merkataritza-bonuen programarekin bat egiteko aukera, denon artean programa bateratu bat koordinatu ahal izateko”.

Horrez gainera, sailburuak turismoaren arloko Aste Santuko aurreikuspenak ere baloratu ditu, eta adierazi duenez “positiboak dira, okupazioa pandemia aurreko zifretara hurbilduko baita. Dirudienez, ezegonkortasun geopolitiko eta ekonomikoak oraingoz ez du eraginik Aste Santuko oporren planifikazioan, Euskadiren kasuan batez ere turismo nazionalean oinarritzen baita”.

Hiriburuetako hoteletako okupazioa % 75 – 90 ingurukoa da, eta nekazaritza-turismoko establezimendu eta landetxeetakoa % 75 ingurukoa. Hala ere, hautematen da oraindik ez dela berreskuratu atzerriko turismoa, nahiz eta establezimendu horientzat minoritarioa izan, 2019an % 20 ingurukoa, eta oraingo aurreikuspenetan % 10 ingurukoa da. Hori turismo nazionalarekin orekatzen da, eta aurreikusten diren zifrak oraindik pandemia aurrekoetara iristen ez badira ere, Aste Santu “normalago” baten antzekoak dira.

“Oraindik ere nabarituko da nazioarteko turismoaren beherakada hori, baina pixkanaka murrizten joango da. 2021eko azken seihilekoan turismo nazionalean izandako % 32ko igoerarekin konpentsatu dugu. Udara begira, ahaleginak areagotzen joango gara distantzia luzeko bidaiak berreskuratzen hasita dagoen turismo hori erakartzeko, beti ere nazioarteko egoera ikusita izan beharreko kautelarekin”.