Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bi milioi euro bideratuko ditu pandemiaren ondorioak arintzera zinema-emanaldietarako eta zuzeneko musikarako areto pribatuetan

0

Gobernu Kontseiluak 2022an zinema-emanaldien eta zuzeneko musika-aretoen kudeaketaren eta zuzeneko musika sustapenaren profesional pribatuei zuzendutako COVID-19 laguntzak onartu ditu gaur.

COVID-19ak eragindako osasun-krisiak kulturaren sektorean emanaldiak eskaintzen dituztenei eragin die bereziki, besteak beste, zinema-aretoetan eta zuzeneko musika-aretoetan aritzen diren kultura-profesionalei. Galera ekonomiko hori arintzen laguntzeko, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2 milioi euro bideratuko ditu zinema-emanaldietako eta zuzeneko musika-aretoen kudeaketako eta zuzeneko musika-sustapeneko profesional pribatuei laguntzeko. Bi milioi horiek honela banatuko dira:

    • 500.000 euro zinema-emanaldien kudeaketako autonomoentzako, enpresentzako eta erakunde profesional pribatuentzako.

 

    • 1.500.000 euro musika-aretoen kudeaketako eta zuzeneko musika sustapeneko autonomoentzako, enpresentzako eta zuzeneko erakunde profesional pribatuentzako.

 

Laguntzak jaso ahal izateko, beharrezkoa izango da 2021eko ekitaldiko fakturazioan % 20ko murrizketa edo handiagoa izatea 2019ko ekitaldikoaren aldean. 2020ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean jarduerari ekin dioten erakundeen kasuan, 2020ko ekitaldiko fakturazioa hartuko da kontuan.

Zuzeneko musika-aretoak edo zuzeneko musika-sustatzaileak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 1.500.000 euroko partida du, beren jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan arlo hauetakoren batean garatzen duten autonomoentzako, enpresentzako eta erakunde profesional pribatuentzako laguntzetarako:

Zuzeneko musika-aretoen kudeatzaileak: Laguntzak honako hauek jaso ahal izango dituzte:

    • Aretoaren titulartasuna dutenek eta/edo bere programazio kudeatzen dutenek.

 

    • Aretoaren legezko gutxieneko edukiera 120 pertsonakoa denean.

 

    • 2019an, 100.000 biztanletik gorako herrietan, gutxienez zuzeneko 20 musika-ekitaldi programatu izana, ordainpeko sarrerarekin, edo, gutxienez, zuzeneko 12 musika-ekitaldi programatu izana, gainerako herrietan sarrera ordainduarekin.

 

    • Musika-programaziorako ekipamendua eta teknikariak izatea.

 

Zuzeneko musika-sustatzaileak: Gutxienez zuzeneko 10 musika ekitaldi antolatu izana, ordainpeko sarrerarekin, 2019an.

Diruz lagundutako proiektu bakoitzak 170.000 euro jasoko ditu gehienez zuzeneko musika-aretoen kudeatzaileen kasuan, eta 30.000 euro musika-sustapenaren profesionalen kasuan.

Zinema-emanaldietarako laguntzak

Euskal Autonomia Erkidegoan lan egiten duten eta honako baldintza hauek betetzen dituzten Europako eta/edo Latinoamerikako zinema-emanaldietako autonomoei, enpresei eta erakunde profesional pribatuei zuzenduta daude laguntza hauek:

    • Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako zinema-aretoen edo zinema-konplexuen kudeatzaileak izatea.

 

    • Erakustokiak deialdia argitaratu baino sei hilabete lehenagotik egon beharko dira jendearentzat zabalik, eta leihatila-sistema eta diru-sarreren aitorpena izango dituzte. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileek Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren Enpresa Zinematografikoen Administrazio Erregistroan izena emanda egon beharko dute.

 

    • 2021ean gutxienez programazioaren % 40a Europako edo Iberoamerikako filmak programatu izana.

 

Diruz lagundutako proiektuek jaso ahal izango duten gehieneko zenbatekoa kudeatutako pantaila kopuruaren araberakoa izango da. Horrela, bat edo bi pantaila kudeatzen dituzten pertsona, enpresa edo erakundeek 10.000 euro jasoko dituzte gehienez, kopuru horri 5.000 euro gehitu ahal izango dira kudeatutako pantaila bakoitzeko. Nolanahi ere, jaso beharreko zenbatekoa ez da inoiz izango 100.000 euro baino handiagoa.

Eskariak aurkezteko epea maiatzaren 5ean hasi eta ekainaren 4an bukatuko da.