Mondragon oinarri teknologikoko hamabost startupetan sartu da azken bost urteetan, 7 milioiko inbertsioarekin

0

Orain dela bost urte, Mondragon Korporazioak bere enpresa-sustapen korporatiboaren eredua eraldatzea erabaki zuen, jarduera-sektoreei dagokienez bere ikuspegia zabaltzeko xedearekin. Lan-egoera berriak aztertzea erabaki zen, ekosistema ekintzaile eraginkorragoa bultzatzeko eta, horrela, kooperatiben posizionamendu lehiakorra hobetzeko, negozioak berritzeko eta enpresa berriak sortzeko.

Aldaketa horretan Sustapen Zentroan oinarritu zen, 2007an enpresa-jarduera berriak garatzeko sortutako plataforma. Osasunaren eta iraunkortasunaren sektoreetan hasi ondoren, industria-ekintzailetzan ere murgildu zen, eta arreta berezia jarri zuen negozio guztien eraldaketa digitalean.

Mondragonen dinamika berri horren barruan, azken bost urteetan arrisku-kapitaleko funts korporatibo batzuk eratu dira, eta, horiei esker, taldeko kooperatibek arrisku handiagoa har dezakete sortze faseetan dauden proiektuetan.

Bosturteko honetan egindako balantzearen arabera, hamabost startup teknologikotan parte hartu du Sustapen Zentroak, guztira 7 milioi euroko inbertsioarekin. Mondragoneko kooperatibak enpresa berri horien kapitalean sartu dira, eta arrisku-kapitaleko funts korporatibo sortu berrietan oinarritu dira.

Ildo horretatik, azken hiru urte hauetan, Sustapen Zentroak enpresen bideragarritasunari buruzko azterketak egin ditu kooperatibek sustatutako hogeita hamar bat enpresa-proiektuetan. Horietatik hamar bat merkaturatu dira, hainbat sozietate-konposiziotan eta hainbat bazkiderekin, barnekoak zein kanpokoak.

Gainera, Mondragonek erosketa ugari egin ditu, enpresa osoa edo portzentaje bat erosiz. Zehazki, hauek dira enpresa-proiektuak:

  • Bexen Bioservices: Bexen Medical S. Coop. -en sail bat da, ultraizozte-egoeran dauden lagin eta sendagaien kudeaketan espezialista.
  • Ekian: Eguzki-energiaren parkea, EEEren (Energiaren Euskal Erakundea) eta Kreanen arteko lan publiko eta pribatuaren emaitza; Euskadiko energia garbiaren eta trantsizio energetikoaren aldeko apustua da.
  • Endity Solutions: Danobatgroup (Danobat eta Ideko zentro teknologikoa) taldearen baitan sortua, ikuskapen ez-suntsitzailearen arloan espezializatutako enpresa da.
  • Multiverse Computing: Mondragonek LKS Next eta Ikerlan S. Coop (konputazio kuantikoan mundu mailako erreferentzia) kooperatibekin batera parte hartzen duen enpresa, bere sistemak software eraginkorra eskaintzen du hainbat sektoretako enpresentzat.
  • Safe Load Testing Technologies: Salgaiak garraiatzeko enbalajea optimizatzeko simulazio-soluzioak garatzen ditu, eta horretarako ekipo industrialen diseinuan eta fabrikazioan espezializatuta dago. Mondragon eta Mondragon Assembly kooperatiba 2021ean sartu ziren bere kapitalean.
  • Savvy Data Systems: Industria-sektorerako Big Datari buruzko monitorizazio- eta analisi-soluzio aurreratuak garatzen eta hedatzen aditua den enpresa. Danobat taldearen partaidetzarekin 2015etik, Fagor Automation bere kapital sozialean sartu da, manufaktura-sektore orokorrera bideratutako digitalizazioan batera aurrera egiteko helburuarekin.
  • Secure & IT: LKS Next taldean integratua, zibersegurtasun industrialeko negozio-lerroa sendotuz, segurtasun informatikoko eta informazioko enpresa bat da.
  • Ulma Medical Imaging: Osasunaren sektorean espezializatutako Ulma kooperatibaren saila, oftalmologian, dermatologian eta adimen artifizialean produktuak eta zerbitzuak eskaintzera bideratua.
  • Witrac: Lokalizaziorako eta neurketarako IoT soluzio integralak eskaintzen ditu, hainbat industriatan eraginkortasuna eta segurtasuna hobetuz. Mondragon eta Orkli kooperatiba 2019an sartu ziren enpresaren kapitalean.

Beste enpresa-proiektu batzuk ere aiptu behar dira, hala nola; BCN 3D, Closing The Gap, HWS, Chaingo, Naru, Sabbatic, Ekiluz Energía Comercializadora, Jeff, Fersay, Iddo, Shakers, Oroi eta Berba.

SPRI Taldeak laguntza integralaren bidez berrikuntza, ekintzailetza eta barne-ekintzailetza laguntzen ditu, ideiak merkatura modu arrakastatsuan irits daitezen. Aurrera, Basque Fondo, Bind 4.0, Ekintzaile edo Barnekintzailetza ekintzailetzarako laguntza-programen bidez egiten du hori.