Kontsumobidek gogorarazten du kontsumitzaileek ez dutela zertan ordaindu gas-faktura 6 hilabetetik gorako atzerapenarekin  

0
Kontsumobidek gomendatzen du arreta berezia eskaintzea gasaren fakturei. Egungo krisi-egoerak eta gasaren prezioen aldakortasunak ezustekoak ekar ditzakete, eta horiei aurre egiteko modurik onena prebentzioa da. Horrela, komeni da fakturak arretaz aztertzea, fakturazio aldiak eta datuak zuzenak direla ziurtatzea eta fakturak jasotzeko maiztasuna ez dela aldatu egiaztatzea.

Kontsumobide – Kontsumoko Euskal Institutuak hauteman du gora egin dutela gas-faktura izugarriek eragindako kexek eta kontsultek. Kontsumitzaileek salatzen dute denbora batean ez dietela irakurketa errealik egin, edo kasu batzuetan ez dietela faktura bakar bat ere bidali, eta gero metatutako kontsumo guztiak fakturatzen dizkiela enpresa merkaturatzaileak, halako kasuetan fakturak 1.000 eurotik gorakoak izaten dira.

Horren aurrean, Kontsumobidek hau gogorarazten du:

    1. Gas-kontsumoaren irakurketa bi hilabetez behin edo hilean behin egin behar da (ED 1434/2002, abenduaren 27koa, 51.2 art.).

 

    1. Gasaren enpresa merkaturatzaileek ezin dituzte fakturatu 6 hilabetetik gorako atzerapena duten kontsumoak, eta ezin dituzte kontsumo horiek erreklamatu (ED 1434/2002, abenduaren 27koa, 51.4 eta 51.5 artikuluak).

 

    1. Bestalde, fakturetako egokitzapenak edo atzerapenak ordaindu behar dituzten kontsumitzaileek ordainketa 6 hilabetean ere zatitu dezakete (Atzerapenaren hilabete kopurua adinako zatikapena, muga 6 hilabetekoa izanik).

 

    1. Kontsumitzaileak kontsumoaren irakurketa okerrak hautematen baditu edo irakurketarik ez dela egin nabaritzen badu, enpresa merkaturatzaileari kontsumoaren irakurketak ematea komeni da. Horretarako, gas-fakturan horretarako agertuko den telefonoa erabiliko da.

 

Kontsumitzaileak uste badu bere enpresa merkaturatzaileak ez dituela bere eskubideak betetzen, edo zalantza txikiren bat badu, Kontsumobidek gomendatzen du lehenengo enpresa merkaturatzaileari erreklamatzea, eta, beharrezko izanez gero, ondoren Kontsumobiden edo KIUBetan erreklamazioa jartzea.

Bestalde, komeni da gogoan izatea urtean 50.000 KWh-tik beherako gas-kontsumoa duten kontsumitzaileak merkatu arautuko Azken Baliabideko Tarifan sar daitezkeela.