Ertzaintzak kamioien eta autobusen ikuskapena indartuko du Euskadin apirilaren 18tik 24ra bitartean

0
Ertzaintzak indartu egingo du kamioien eta autobusen zaintza eta kontrola apirilaren 18tik 24ra, eta arreta berezia eskainiko zaio AdBlue sistemari, diesel motorren emisioak murrizteaz arduratzen denari.

Ibilgailu industrial batzuek emuladoreak erabiltzen dituzte sistema hori ezeztatzeko eta tona askotako kamioiek motorrak AdBlue kontsumitu gabe funtzionatu ahal izateko. Ikuskapenek agerian utzi nahi dute iruzur hori.

Beste helburuetako bat gidatzeko eta atseden hartzeko ezarritako denborak betetzen diren, takografoa manipulatu den edo zama baimendutakoa baino handiagoa den eta ongi eutsita dagoen kontrolatzea da. Autobusen kasuan bidaiariek segurtasun-uhala jantzita duten zainduko dute.

Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariaren esanetan, “bereziki zaindu behar dira salgaiak eta pertsonak garraiatzen dituzten ibilgailuak; izan ere, istripu batean kamioi bat edo autobus bat inplikatuta egoteak ondorio larriak izan ditzake. Gidari guztien ardura da mugikortasun segurua eta iraunkorra bermatzen laguntzea”.

Kamioiak eta autobusak zaintzeko eta kontrolatzeko kanpainak trafikoa eta garraioa zaintzeko eta kontrolatzeko aurtengo urte osorako programatutako 46 kanpainen egutegiaren barruan sartzen dira.