Eusko Jaurlaritzak hainbat hizkuntzetan argitaratu du Euskadira datozen Ukrainako migratzaileentzako harrera-gida

0
PRUEBA

Eusko Jaurlaritzak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren bidez, Ukrainaren inbasioaren ondorioz Euskadira iritsi diren pertsonei harrera egiteko gida argitaratu du. Gida horretan, informazio interesgarria dago etorritako guztientzat. Migrazio eta Asilo Zuzendaritzak gaztelaniaz, euskaraz eta ukraineraz argitaratu du dokumentua, Biltzen Laguntza Juridikoaren, Integrazioaren eta Kultura arteko Elkarbizitzaren Euskal Zerbitzuarekin batera, eta, hala, Eusko Jaurlaritzaren II. Kontingentzia Planean jasotako konpromisoa bete du.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek Gidaren sarrera sinatu du. Horren idazkian “erakundeen arteko lankidetza” nabarmentzen du, bertan Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuek ere parte hartzen baitute, hala nola Hezkuntza, Osasuna, Lana eta Enplegua, baita Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak ere.

Artolazabalek bere idazkian adierazi duenez, bere sailak “Europako agintarien eta esperientzia duten erakundeen oharrak errespetatuko dituzten ekimenak hartzen jarraituko du”, horrela, sustatzen dituen ekintza guztiak “lankidetza ordenatuaren konpromisoarekin bat etor daitezen”. Sailburuak, halaber, “harrotasun” hitzak ditu, “euskal gizarteak Ukrainatik atera diren pertsona zaurgarriei laguntzeko erakundeekiko erakutsi duen interesagatik”. Horregatik, eskertu egiten dio “mundu solidarioago eta bidezkoago bat eta Euskadi askotariko eta integratzaile bat eraikitzeko konpromisoa eta laguntza”.

Ukrainaren inbasioaren ondorioz Euskadira iritsi diren pertsonei harrera egiteko gida aldian-aldian eguneratuko da, dokumentazio, aldi baterako babesa edo lan baimenak bezalako gaietan izandako bilakaeraren eta aldaketa ofizialen arabera, besteak beste, etorritako pertsonentzat funtsezkoak diren gaien artean.

“Harrera Gida lan-tresna bizia, aktiboa da. Gure asmoa da erakundeen menpeko izapidetze-prozesuetan gerta daitezkeen aldaketetara egokitzea. Euskadira iristean informatuta egotea eta nola eta zer egin jakitea elementu lasaigarria da bere herrialdeko basakeriatik ihes egiten duten pertsonentzat”, dio Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak.

Ildo horretatik, Gidan Gurutze Gorriaren eta CEARen harremanetarako zenbakien eta helbideen berri ematen da, Euskadira iritsi berri diren edo bidean dauden pertsonentzako.

Era berean, egoitza-baimenak eta beste laguntza batzuk eskatzeko behar duten informazio guztia ematen zaie; izan ere, beren egoera dela eta, sistema eta zerbitzu publiko gehienak erabil ditzakete, aldi baterako babes-baimena eskatu izana gorabehera. Hala ere, esplizituki adierazten zaie non eta nola eska dezaketen baimen hori eta zein dokumentazio aurkeztu behar duten horretarako.

Horrekin batera, lekuz aldatutako pertsona ezin bada Ukrainara itzuli bere iritzi politiko, erlijioso, etniko, sexu-joera eta abarrengatik jazartzeko beldur delako, nazioarteko babesa eska dezake.

Dokumentuak informazio zabala eskaintzen du, halaber, gizarte zerbitzuetara nola jo, Euskal Osasun Zerbitzura, Enplegu Zerbitzura edo Hezkuntza sistemara nola jo eta erroldatzeko izapideei buruz.

Talde ahulenak

Familia erreferenterik ez duten adingabeei dagokienez, adierazi da foru aldundiak arduratuko direla beren egoera soziofamiliarra baloratzeaz, eta haien behin-behineko zaintza beren gain hartuko dutela. Eta, udalekin batera, arrisku edo babesgabetasun egoerak atzematen diren kasuak baloratuko dira. Era berean, laguntzarik ez duten adingabeen zaintza beren borondatez hartu duten familien egokitasuna baloratuko dute foru-aldundiek.

Gidan arreta berezia merezi duen beste talde ahul bat indarkeria matxistaren biktima diren edo askatasun sexualaren aurkako delituren bat izan duten emakumeena da. Ildo horretatik, Satevi-Indarkeriaren biktima diren emakumeentzako telefono bidezko Informazio eta Arreta Zerbitzu Espezializatuaren (900 840 111) harremana eskaintzen zaie, eta gogorarazten zaie Ukrainera eta Errusiara 51 hizkuntzetan sartzen diren bi hizkuntza direla, zerbitzu honetan erabil daitezkeenak.

Era berean, Ukrainaren inbasioaren ondorioz lekuz aldatu eta beste behar bereziren bat duten edo aholkularitza eskatzen duten LGTBI kolektiboko pertsonei Berdindu izeneko Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu publikoaren harremana eskaintzen zaie. Izan ere, zerbitzu horrek kolektiboko pertsonei informazioa eta arreta eskaintzen die.

“Beste behin ere, pertsona-talde ahulenetan jarriko dugu arreta, lekualdatutako guztiak emozio-karga handiz iristen diren arren. Adingabeek, genero-indarkeriak eta LGTBI kolektiboak arreta handiagoa behar dute, eta, horregatik, beharrezkoa da behar duten laguntza eta informazioa ematea, ezagutzen ez duten ingurunera egokitzeko”, esan du Legarretak.

Maskotekin Euskadira iristen diren ukrainarrentzako oinarrizko gomendioekin amaitzen da gida. Animaliek albaitariaren kontsulta pasatu behar dute, baita koarentenan jarri ere, animaliak kontrolatu eta zaintzeko programari atxikitako zentro publiko edo pribatu batean. Prozesu guztia doakoa da. Horretarako, hiru lurraldeetako harremanetarako zenbaki ofizialak ematen zaizkie.

Gida eskuragarri egongo da migrazioko udal- eta foru-eremuetan, Migrazioaren Euskal Foroan, Aholku Sarean eta Asiloko Erakunde arteko Mahaia osatzen duten erakunde eta elkarteetan, besteak beste.