BilboGarbiak hobetzeko prozesua

0

Bilboko Udalak buru-belarri jarraitzen du uriko BilboGarbiak hobetzeko prozesuan sartuta. Hala, bada, joan den martxoan Kobetamendiko instalazio berriak inauguratu ostean, orain Artxandako hobekuntza-lanei ekingo diegu.

Horrela, bada, obra horiek datozen hamabi asteetan egingo dira, eta 342.335,96 euro da aurrekontua.

Artxandako BilboGarbi finkoa Egirletan dago, eta BI-3741 errepidetik artez du sarbidea.Lursailak bi plataforma horizontal ditu, 350 metro koadroko goikoa (gutxi gorabehera) eta 420 metro koadrokoa behekoa (gutxi gorabehera), eta biak lotzeko arrapala bat dauka.

Obra hauek egingo dira, zehazki: egungo eremua berritu egingo da, herritarrek errazago utzi ahal izan ditzaten etxebizitzak berritzetik datozen eraikuntza- eta eraisketa-hondakinak (EEH) nahiz altzariak, tresnak, lorezaintzako hondakinak eta papera eta kartoia.

Jardun horretan, bestalde, sarbideen kontrola eta espazioaren urbanizazio osoa ere sartzen dira, eta, hala, lursailean sastrak kenduko dira eta garbitu egingo da eremua, eta zoladura berria jarri, eta kotak aldatu, eta inguruaren itxitura eta metal-arotzeria berritu, eta hornidura-, saneamendu-, argiteria- eta telekomunikazio-sareetan dagozkion aldaketak egingo dira.

Gainera, instalazioan seinaleak jarriko dira, horizontalak nahiz zutikoak, eta aldatu egingo dira apur bat kotak, arrapalaren malda ez dadin handiegia izan. Maldari buruzko lan hori, bestalde, erabiltzaileek nahiz profesional taldeek azpiegitura erosoago erabiltzeko izango da.

Artxandako BilboGarbi aldi batez itxita egongo denez, haren ordez, Bilboko Udalak luzatu egingo du Elorrietako BilboGarbiaren ordutegia. Eta, beraz, instalazio horiek arratsaldeko ordutegia izan ohi duten arren, lanek dirauten artean, goiz eta arratsalde egongo dira irekita herritarrentzat, astelehenetik ostiralera (7:30etik 20:00etara), eta larunbatetan ere bai (7:30etik 19:30era), eta 8:00etatik 13:30era igandeetan.

BilboGarbi batzuen eta besteen ordutegiak jakin nahi izanez gero, deitu 900 456 888 telefonora, edo sartu Udalaren web-orrian, edo idatzi posta elektronikoko mezu bat limpiezapublica@bilbao.eus helbidera.

HELBURUAK

BilboGarbien sarearen xedea da herritarrei baliabide bat eskaintzea bide publikoan edukiontzirik ez daukaten hondakinak birziklatzeko eta berrerabiltzeko. Eta, horren bidez:

    • Errefusaren zatian birzikla eta berrerabili daitezkeen hondakinen kopurua murriztea.

 

    • Konponbide egoki eta berritzaile bat bilatzea gaikako bilketako zerbitzuetan aurrera egiteko.

 

    • Herritarrak jabe daitezela zeinen ardura handiko kontua den hondakinak jatorrian bereiztea, ondoren kudeatu, tratatu eta baloratzeko.

 

Izan ere, zerbitzu horiek laguntasun handia eman dute Bilbon gaikako bilketako ratioak hobetzeko orduan. Hainbeste, non 2021ean, Bilbon gaika bildutakoaren % 25,2 BilboGarbin bildu baitzen.

GarbiGunean gehien botatzen diren hondakinak, alde handiarekin, eraikuntza- eta eraisketa-hondakinak dira, eta zura ere bai; ondoren datoz etxeko tresna elektrikoak, telebistak, monitoreak eta CDak, DVDak edo CPUak, besteak beste.

SARE SOZIALAK: