“Azkar irauli behar dugu egoera. Kolpe gogorra izan zen, baina orain indarberritu behar gara, bihar irabazi beharreko beste partida bat baitugu”. Marcelino Garcia Toralek argi hitz egin du bere taldeak Athletic Clubek bihar Cadizen aurka jokatuko duen partidaren inguruan duen beharraz. Lehoiek hiru puntuak lortu behar dituzte Nuevo Mirandillara egingo duten bisitan “denboraldiko unerik onenean” zelairatuko den talde baten aurrean: “Sergio iritsi zenetik dinamika positiboan daude, eta denboraldiko Cadiz onena aurkituko dugu aurrez aurre, emaitzek eta jokoak hala diotelako. Konfiantza-maila oso altua duen taldea da eta ahalik eta intentsitate eta motibazio handiena eskatuko digu. Gure mailarik onena ematea lortzen ez badugu, ez dugu emaitza positiborik lortuko. Oso partida zaila izango da”.
Zuri-gorriek, Liga amaitzeko sei partida falta direnean, zazpigarren postua lortzeko aukerei heldu nahi diete: “Zaila den ala ez alde batera utzita, aurrean ditugun taldeengatik eta emaitza onak lortu ez ditugulako, Athleticeko profesional gisa eta ordezkatzen dugun Klub handiagatik, partida bakoitza irabazteko jarrera, konpromiso eta anbizio handienarekin lehiatzeko betebeharra dugu. Ahalik eta puntu gehien lortzen saiatu behar gara, bihartik hasita”.