Athleticeko harrobiak itxaropentsu egingo dio aurre Retoko azken txanpari

0
PRUEBA

Reto Iberdrolak ez du atsedenik hartuko asteburu honetan, eta talde zuri-gorriaren harrobiko taldeek apirilean ekin zioten txapelketaren azken txanpari jarraipena emango diote. Rober Pampinek zuzentzen duen taldeak Sporting Gijon hartuko du bihar Lezaman. Lezamako 7. zelaian, 16:30etik aurrera, jokatuko du talde asturiarraren aurka (sarrera librea). 25. jardunaldiari dagokion neurketak sailkapeneko eremu epelean finkatzen jarraitzeko balio beharko du, horrek eskubidea emango baitio Estatuko futfemeko bigarren mailan egoteko playoffa jokatzeko.

Izan ere, datorren denboraldian emakumezkoen futbolak Bigarren Mailako maila handituko du. Egungo Retok bi multzo izateari utziko dio. 2022-23tik aurrera, Bigarren Mailak 16 taldez osatutako multzo bakarra izango du. Bertan egongo dira Lehen Mailatik jeitsitako bi taldeak (bat Rayo Vallecano izango da, matematikoki jaitsia) eta denboraldi honetan Reton bizirik mantentzea lortzen duten taldeak. Hain zuzen ere, multzo bakoitzeko bigarren postutik bosgarrenera sailkatu direnek plaza ziurtatuta izango dute, Iparraldeko eta Hegoaldeko txapeldunak igoko baitira Lehen Mailara. Horrela, seigarren postutik hamaikagarrenera dauden taldeek partida bakarrerako kanporaketak izango dituen playoffa jokatuko dute. Seigarrenak, zazpigarrenak eta zortzigarrenak etxean jokatzeko abantaila izango dute, beste multzoko hamaikagarrenaren, hamargarrenaren eta bederatzigarrenaren aurka, hurrenez hurren.

Denboraldia bukatzeko bost jardunaldi eta 15 puntu falta diren honetan, zuri-gorriak bederatzigarren postuan daude kokatuta. Egoera horretan, Pampinen taldeak Lezamatik urrun jokatuko luke salbazioa. Partida batzuk jokatzeke daudenez gero, bigarren taldeak beste posturen bat igotzeko aukerak ditu, baina horretarako ezinbestekoa izango da bihar ez huts egitea bederatzi puntu dituen eta azken sailkatua den aurkariaren aurrean. Azken bost neurketetan lau garaipen erdietsi eta gero, taldea biharko lehiara denboraldiko momentu gozoenean iritsiko da.

Hirugarren taldearen igoera posiblea

Bestalde, igandean, 12:00etatik aurrera, Lezamako 7. zelaian, hirugarren taldeak denboraldiko azken partida jokatuko du. Ekaitz Garciak Lehen Maila Nazional berrian maila altua eskaini duten jokalari gazteak zuzentzen ditu. 2. multzoan Bizkerre eta Osasuna B igoko dira, lehenengo eta bigarren sailkatuak, eta bilbotarrek bi talde hauek jarraituko dituzte, multzo bakoitzeko hirugarren sailkatuen artean koefiziente onena duten sei taldeetako bat izango baita. Hori bai, horretarako, Racin Feminas B taldeari irabazi behar zaio eta Reto Iberdrolan diahrduen taldearen etorkizunaren zain egon; izan ere, bigarren filialak maila galduz gero, eragotzi egingo lioke hirugarren taldeari igoera berri bat gehitzea. Datorren ikasturtean, 32 taldek osatuko dute kategoria berri hori (16 taldek osatutako bi multzo), gaur egungo Reto Iberdrolaren gisan.

Azpimarratzekoa da Athletic Clubeko emakumezkoen hirugarren taldea harrobia indartzeko asmoarekin 2019-20 denboraldian sortu zela. Orduan, Tzibi Juaristik Euskal Ligarako lehen igoera lortu zuen. Pasa den denboraldian, 2021-22an, lehoi ohiak hartu zuen berriro taldearen zuzendaritza, eta zuri-gorriek, bigarrenez jarraian, lortu zuten Euskal Ligatik Lehen Liga Nazionalera igotzea. Reto Iberdrolaren playoffa amaitzeko zain (ekaineko lehen asteburua), harrobiko hirugarren taldearen hirugarren igoera jarraia jazotzeko aukera ugari daude. Horrela suertatuko balitz, Athletic Cluben taldeak Estatuko lehen hiru mailetan taldeak mantentzeko aparteko aukerak lituzke. Zalantzarik gabe, emakumezkoen kirol-atalaren lan ona berretsiko lukeen gertaera litzateke.