Bilboko Udalak Ukraniako gerrako errefuxiatuiei lagunduko die

0

Bilboko Udalak “Ukrainako gerraren ondorioz errefuxiatutako pertsonei laguntzeko ekintza humanitarioko eta larrialdi-ekintzako 2022ko programak” izeneko dirulaguntzen lerro bat onartu du, 50.000 eurotan.

Dirulaguntzen pakete honen bidez, ekintza humanitarioko programak (laguntza, sorospen, babes eta berreraikuntza jarduerak), giza eskubideen defentsa eta gizarte-larrialdiko laguntzak finantzatuko dira.

Errusiak otsailaren 24an Ukraina inbaditu zuen. Jugoslaviako gerraz geroztik, Europan izan den eraso militar konbentzional handiena da. “Gorakada militar handi honen ondorioz, hildakoak eta zaurituak egon dira, eta zibilak masiboki leku-aldatu dira, bai Ukraina barruan, bai ondoko herrialdeetara. Azpiegitura zibiletan eta etxebizitzetan suntsiketa eta kalte larriak egin dira. Dirulaguntza hauen helburua da udalaren mailan erantzun humanitario eraginkorragoa eskaintzea”, azaldu du Itziar Urtasun Lankidetza eta Bizikidetzako zinegotziak.

Modu berean, Eusko Jaurlaritzak erakunde arteko mahai sozialaren bidez errefuxiatuen egoerari erantzuteko antolatu duen erakunde arteko lankidetza-sareko kidea da Bilbo, gatazka honen ondorioz sortu litezkeen beharrizanei aurre egiteko helburuarekin. Europa mailan, Bilbok Ukrainari laguntzeko foro eta adierazpenetan parte hartzen du, Intercultural Cities, Eurocities eta Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluaren bidez.

DIRUZ LAGUNDU DAITEZKEEN PROGRAMAK

Deialdi honetan aurkezten diren programen hartzaileak gerraren ondorioz Ukrainan edo inguruko herrialdeetan (Polonia, Eslovakia, Hungaria, Errumania eta Moldavia) errefuxiatutako edo leku-aldatutako pertsonak izango dira. Proiektuek genero-ikuspegia eduki behar dute, eta oinarrizko gizarte-premiak hobetzerakoan zuzeneko eragin praktikoa dakarten ekintza zehatzetan oinarritu behar dira. Ezin da egon inolako bazterketarik arraza, erlijio, sexu, sexu-orientazio edota adin arrazoiengatik.

Proiektuak tokiko bazkide baten bidez edo atzerriko kontraparte baten bidez garatu behar dira, eta biztanleria protagonistak parte hartu behar du. Tokiko bazkidea irabazasmorik gabeko entitate bat edo erakunde publiko bat izan behar da. Nortasun juridikoa izan behar du, eta dagokion erregistroan eratua eta formalki inskribatua egon behar du. Programaren iraunaldia 6 hilekoa izango da gehienez, eta urtebetera luzatu daiteke. Hasteko epea, gehienez, hilabetekoa izango da, transferentziaren egunetik aurrera zenbatuta.

    • Eskaerak aurkezteko epea gaur bertan, apirilak 22, hasiko da, eta maiatzaren 6ra arte (ostirala) luzatuko da.

 

 

    • Eskaerak www.bilbao.eus web-orriaren bidez, Bilboko Udaleko Herritarren Arreta Bulegoan, edo barrutiko udal bulegoetan tramitatu daitezke.

 

SARE SOZIALAK