Euskal Herriko Elektrotxaranga txapelketa egingo da maiatzean, lehen aldiz, Azpeitian

0

Euskal Herriko lehen elektrotxaranga txapelketa antolatu dute Azpeitiko Udalak eta AZTE tabernarien elkarteak, elkarlanean. Maiatzaren 7, 21 eta 28an egingo da txapelketa herriko kaleetan. Guztira, sei elektrotxarangak hartuko dute parte, eta hiru larunbat horietan 19:00etatik 20:00ak bitartean izango dira entzungai.

Azpeitiko maiatzak elektrotxarangen soinua izango du. Izan ere, AZTE tabernarien elkarteak eta Azpeitiko Udalak, maiatzeko larunbatak girotzeko hlburuz, Euskal Herriko lehen Elektrotxaranga txapelketa antolatu dute maiatzaren 7, 21 eta 28rako. Sei taldek hartuko dute parte; astebururo bi talde ibiliko dira Plaza eta Perez Arregi Plazaren artean 19:00etatik 20:00etara bitartean. Lehen taldeak 19:00etan irtengo du plazatik, eta ordu eta erdiren bueltan Perez Arregira iritsiko da. Bigarren taldeak alderantzizko ibilbidea egingo du; Perez Arregitik plazara artekoa.

Maiatzaren 7an, Elektrotxufla eta Zutik taldeak emango diote hasiera txapelketari. Maiatzaren 21ean, 3 Indarrok eta Game of txaranga taldeen txanda izango da eta azken egunean, maiatzaren 28an, Matraka eta Ostikada arituko dira.

Txapelketako epaimahaia herriko musikariek osatuko dute. Talde garaileak 6.000€ko saria irabaziko du.