1,68 milioi bizitegi-eraikinen eta etxebizitzen birgaitzeak diruz laguntzeko Donostian

0
Donostiako Udalak Donostiako Etxegintzaren bidez 1,68 milioi euro bideratuko ditu bizitegi-eraikinen eta etxebizitzen birgaitzea diruz laguntzera. Hirigintza zinegotzi Nekane Arzallusek ebazpena sinatu du eta, ondorioz, diru-laguntza hauek apirilaren 26tik, asteartetik, aurrera eskatu ahal izango dira.
  • Irisgarritasuna eta Eraikinen Azterketa Teknikoarekin lotura duten elementu komunak
  • Energia-eraginkortasuna eta isolamendu akustikoarekin lotura duten elementu pribatuak, eta mugikortasun urriko edo 65 urtetik gorako pertsonen etxebizitzen birgaitzea
  • Alokabide udal-programaren bitartez alokairuan jarri nahi diren hutsik dauden etxebizitzen birgaitzea.

Birgaitzeko lehentasunezko beharra duten guneak

Hirigintza zinegotzi Nekane Arzallusek sinatutako ebazpenak lehentasunezko birgaitze beharra duten hainbat gune zehazten ditu, eta helburua da gune horiei irisgarritasunarekin lotura duten diru-laguntzak handiagoak izatea, hau da, igogailuen, arrapalen eta plataformen instalaziorik ez duten etxebizitzatan horiek jartzeko.

Eta gune horietan guztietan aipatutako irisgarritasuna hobetzeko diru-laguntzak %20 eta gehienez 20.000 eurokoak izatetik, %30 eta gehienez 30.000 eurokoak, BEZ gabe, izatera pasako dira.

Tramitazioa: presentziala eta on-line

Diru-laguntzak eskatzeko epea apirilaren 26an 9:00tan hasiko da eta abenduaren 30ean 14:00tan amaituko da. Dena dela, lehenago buka daiteke, baldin eta aurreikusitako diru-kopurua (1,68 milioi euro) amaitzen bada. Eta hori gertatuko balitz, zinegotzi delegatuaren ebazpena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko litzateke, baita Udalaren web gunean ere.

  • Pertsona fisikoek: modu elektronikoan egin ahal izango dute eskaera udal webgunean, B@kq ziurtagiri elektronikoa erabiliz, edo modu presentzialean aurretiko hitzordua eginda Donostiako Etxegintzako bulegoan (San Martzial kalea 2) 9etatik 14etara astelehenetik ostiralera, baita Udalinfoko bulegoetan ere.
  • Pertsona juridikoek: eskaera modu elektronikoan egin beharko dute, udal webgunearen bidez.

2022/04/22-an argitaratua