Udalinfok arratsaldez zerbitzua emango du Easo kaleko bulegoan

0
PRUEBA

Donostiako Udaleko hiritarren arreta-zerbitzu Udalinfok arratsaldez emango du berriro ere zerbitzua Easo 41eko bulegoan apirilaren 25etik aurrera. Hortaz, Udalinfok Covid19aren osasun-larrialdiaren ondorioz Morlansera behin-behinekoz aldatu zuen zerbitzua Easo kaleko bulegoan berreskuratuko du. Era berean, Morlanseko bulegoa ohiko ordutegira itzuliko da.

Horiek horrela, erdigunean dagoen Easo kaleko bulegoak ordutegi zabalagoa izango du (9:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara) hiritarrei ematen dien zerbitzua hobetuz. Modu presentzialean arreta jaso ahal izateko aurretiko hitzordua izatea ezinbestekoa izaten jarraituko du. Eta hitzordua hartzeko 010 telefonora deitu edo udalaren webgunean dagoen atalean eskatu behar da.

57.500 hitzordu eta 158.000 tramite 2021ean

Donostiako Udalak Udalinfo zerbitzuaren bidez 158.048 tramite kudeatu zituen 2021ean. Egindako tramite gehienak (%55) aurrez aurre egin ziren hiritarren arreta bulegoren batetan. Hortaz, aurrez aurreko arreta da hiritarrek nahiago izaten jarraitzen duten modua, nahiz eta Internet gero eta gehiago erabiltzen duten tramiteak egiteko. Izan ere, 2019an egin ziren tramiteen %76 aurrez aurre egin ziren; beraz, gutxinaka bi moduak parekatzen doaz.

Era berean, Udalinfo zerbitzuak 57.596 hitzordu eman zituen 2021ean. Horietatik %59 Easo kaleko bulegora joateko izan ziren; %26 Morlanseko bulegora joateko; %10 Altzako bulegora, eta %5 Arroka plazako bulegora.

Bestalde, Udalinfoko bulegoetan zein beste udal eraikinetan jarritako autotramitazio makinetan 34.605 tramite kudeatu ziren, hau da, 2020an baino %65 gehiago. Ildo beretik, kontuan hartu behar da iaz bi autotramitazio makina berri jarri zirela Gros eta Intxaurrondo auzoetan. Makina horietan gehien egin den tramitea (%83) errolda-agiria eskatzea izan da.

Halaber, 010 hiritarren arreta telefonoak 92.400 dei jaso zituen, hau da, iaz baino 1.000 gehiago.

2022/04/21-an argitaratua