Alkohola eta droga kontsumituta gidatzeak eragin ohi ditu errepidean heriotza ekarri ohi duten istripuen heren bat. Izan ere, gidatu behar denean alkohola edo drogak hartzen badira, 2 eta 15 bider artean handiagoa izaten da istripu bat pairatzeko arriskua.
Alkohola eta drogak kontsumitzeak, izan ere, istripuak gertatzeko arrisku handiagoa ekarri ez ezik, heriotza-tasa ere handiagoa eragiten du, oso eragin estua duelako jasaten diren lesioen pronostiko larriagoarekin.
Hori dela eta, Bilboko Udaltzaingoak, Euskadiko Bide Segurtasunaren Plan Estrategikoaren barruan, berariazko kanpaina bat egingo du aste honetan, alkohola eta drogak hartuta gidatzeak dauzkan arriskuen gainean ohartarazteko.
Hala, bada, gaurtik hasita (apirilaren 25a) maiatzaren 1era arte, areagotu egingo da kontrola eta zainketa urian zirkulaziorik handiena izaten den bideetan. Udaltzainek, egunero, bi edo hiru kontrol egingo dituzte, arren- eta gidatzean arriskurik handienetakoa eragiten duen jokabideetako bat eragozteko.
PREBENTZIOZKO KONTROLAK ETA ALKOHOLEMIA ISTRIPUETAN
2020. eta 2021. urteetan, alkoholaren eta drogen prebentzio-kontrol gutxiago egin dira, COVID19aren pandemiaren eraginez. Esan behar dugu honelako kontrolak asko ugaritzen direla Aste Nagusian eta beste ekitaldi handi batzuetan (iaz ez ziren ospatu).
Zirkulazio-istripuetan egindako alkohol- eta droga-probei dagokienez, Udaltzaingoak iaz 334 proba egin zituen, eta haietatik 118 positiboak izan ziren. Horren ondorioz, 90 pertsona bide-segurtasunaren aurkako delituengatik atxilotu edo ikertu ziren, eta gainerakoei administrazio-salaketa bat ipini zitzaien.