Donostiak 187.850 biztanle ditu

0

Atzerritarrak biztanleriaren %8,7 dira, iaz baino 270 gehiago

187.850 biztanlerekin amaitu zuen Donostiak 2021a, hau da, iaz baino %0,13 gutxiago (188.087). 2021eko abenduaren 31ko erroldaren datuek adierazten dute (Donostia Datan ikusiko dituzu datu guztiak) batez besteko adina ere, hau da, 46 urte (48 emakumeen kasuan eta 44 gizonezkoen kasuan).

Biztanleen %52,73 emakumezkoa da, eta gehiago bizi dira. Eta zehatzago, 65 urtetik gorako biztanleei erreparatzen badiegu, %59,15 emakumeak dira. Eta 80 urtetik gorako biztanleen %67 emakumeak dira.

Auzoak

Amara Berri da biztanle gehien izaten jarraitzen duen auzoa, 30.377 biztanlerekin (biztanleen %16,2). Jarraian Erdialdea (22.051) eta Altza (20.143) daude. Bestalde, Zubieta da biztanle gutxien dituen auzoa, 290 (%0,2).

Atzerritarrak

Atzerritar kopurua %1,7 hazi da Donostian 2021ean. Guztira, 140 herrialdetatik etorritako 16.277 biztanle daude, hau da, iaz baino 270 gehiago. Hortaz, atzerritarrak hiriko biztanleen %8,7 dira (2020an %8,5 ziren). Hondurasek jarraitzen du atzerritar kopuru handiena izaten (2.208 biztanle). Jarraian Nikaragua (1.882) eta Moroko (1.178) daude.

Jaiotze-tasa eta zahartze-indizea

2021an 1.984 pertsona hil ziren Donostian, hau da, iaz baino 198 gutxiago. Aldiz, 1.116 pertsona jaio ziren, hau da, iaz baino 89 gutxiago.

Jaiotze-tasak behera jarraitzen du, eta 6,14koa da (2020an 6,42koa izan zen). Beraz, datuak erregistratu egiten direnetik izandako tasarik baxuena da. Loiolak izan zuen tasarik altuena (10,36), eta aldiz Zubietak izan zuen baxuena (0).

Zahartze-indizeari dagokionez, gora jarraitzen du eta 198,5koa da, hau da, iaz baino 6,7 puntu gehiago. Donostiarren %25k 65 urte baino gehiago dute, %7,77k 80 urte baino gehiago, eta 125 pertsonek 100 urte baino gehiago dituzte.

Familia motak

Donostian 79.254 familia bizi dira. Batez beste, etxebizitza bakoitzean 2,37 pertsona bizi dira, eta pertsona bakarrez osatutako familien kopuruak gora jarraitzen du, eta 2020an 24.890 izatetik 2021ean 25.480 izatera pasa da, eta familia guztien %32,1 dira. Pertsona bakarreko familien %47,9k 65 urte baino gehiago dute (12.208), eta horietatik %75,7 emakumeak dira.

Era berean, hirian bi pertsonez osatutako familien kopuruak igoera moderatuagoa izan du eta 202an 23.979 izatetik, 2021ean 24.114 izatera pasa dira, eta familia guztien %30,4 dira.