Gogora Institutuak Gernikako bonbardaketaren 85. urteurreneko ekitaldietan parte hartuko du

0
PRUEBA

Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak Gernikako bonbardaketaren 85. urteurrena gogoratzeko antolatutako ekitaldietan parte hartuko du. Apirilaren 27 eta 28an, ‘Gernika 85 urte. Memoria, legegintza eta historiografia’ jardunaldiak ospatuko dira hirian, Gogora Institutuak, Gernika-Lumoko Udalak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Nevadako Unibertsitateak batera antolatua.

Inaugurazioa hilaren 27an izango da, 9:00etan, Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuorde José Antonio Rodríguez Ranzek eta Gernikako alkate José María Gorroñok egingo dute. Ondoren, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarrok hitz egingo du, gaur egun Legebiltzarrean izapidetzen ari den Euskadiko memoria historiko eta demokratikoaren lege-proiektuari buruz.

Jardunaldi horietan, azken hamarkadetan biktimen eta narratiba tradizionaletatik kanpo geratu direnen oroimena diskurtso historikoan nola txertatu den aztertuko da. Hala, adostasun zabalak lortu dira indarkeria politikoen biktimek egia jakiteko duten eskubideari buruz, bai eta, zailtasun handiagoz, beren oroimena mantentzeko betebehar sozialari buruz ere. Testuinguru horretan, belaunaldi gazteenei beren hezkuntzaren esparruan oroimena, gatazkan dagoen memoria, transmititzea bermatu behar zaielako kontzientziak indarra hartu du.

Jardunaldiak publiko orokorrari zuzenduta daude eta gaian adituak diren ikertzaileek hartuko dute parte. Bertan, memoria historikoaren hainbat alderdi jorratuko dira, hala nola Gerra Zibilean desagertutako pertsonen desobiratzeak, memoria-lekuak, memoria demokratikoaren legeak eta erakunde publikoetatik memoria historikoa berreskuratzea.

Xabier Irujok, Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroko zuzendari eta Gernikako bonbardaketan espezializatutako ikertzaileak, ‘Historiografia azientifikoa eta ahanztura historikoa. Gernikako kasua’ hitzaldia emango du.

2000-2021 epealdiko exhumazioen balantzea ere azalduko da, Lourdes Herrasti Aranzadi Zientzia Elkarteko antropologoak egingo du ‘Exhumazioak, errepresioaren froga’ izenburupean.

Memoria-guneak Maider Maraña Baketik-eko zuzendariak jorratuko ditu, eta Joseba Agirreazkuenaga eta Unai Belaustegi Historia Garaikideko Saileko EHUko irakasleek memoria publikoko ibilbideei eta lekuei buruz hitz egingo dute.

Paul Preston historialari britainiarrak ‘Holokausto espainiarra’ hitzaldia emango du. Jardunaldi horietan parte hartzen ari dira, halaber, Nafarroako Memoriaren Institutuko ordezkariak, José Miguel Gastón eta César Layana, erakundeek memoria historikoaren arloan duten konpromisoari buruz hitz egiteko.

Nabarmentzekoa da, halaber, Kataluniako memoria historikoko espezialistak izango direla jardunaldietan: Queralt Solé, Joan Villarroya, Laia Gallego Vila, José Maria Solé i Sabaté eta Antoni Segura i Mas.

Mahai-ingurua

Jardunaldiak apirilaren 28an amaituko dira, erakunde publikoek memoria historikoa berreskuratzeko lanari buruzko mahai-inguruarekin. Bertan parte hartuko dute Gogoraren Zuzendaritza batzordean talde parlamentarien ordezkari direnek: Iñigo Iturrate (EAJ-PNV), Julen Arzuaga (EHBildu), Miren Gallastegi (PSE-EE) eta Elkarrekin Podemos eta Alderdi Popularreko ordezkariak ere izango direla baieztatu dute.

Astra babeslekua

Bonbardaketaren 85. urteurrena ospatzeko ekitaldien artean, Astra aterpea balioztatzeko proiektua aurkezteko ekitaldia dago. Airez egindako erasoez babesteko eraikitako bunker honen barruan, bonbardaketatik bizirik atera ziren Sebastian Uria eta Maria Olabarriaren testigantzak entzun ahal izango dira. Kanpoaldean, Astra eta Gernikako Tailerren babeslekuei buruzko bost informazio-panelek osatutako erakusketa bat jarri da. Aurkezpena apirilaren 27an izango da, goizeko 11:45ean.

Proiektu hau, ‘Gernika 1937-04-26’ ibilbidearen barruan kokatzen da, herrian zehar dagoen ibilbide interaktiboaren baitan. Proiektu hori Gernika-Lumoko Udalak garatu zuen 2018an, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren laguntzarekin.