Oporretan euskaraz udalekuetan izena emateko epea zabalik Donostian maiatzaren 2tik 10era

0

Udalak, Euskara Zerbitzuaren bitartez, Oporretan Euskaraz udaleku irekiak antolatuko ditu uztailaren 4tik 29ra. Udako jarduera honen helburua da euskararen erabilera sustatzea haurrengan. Bertan parte hartzeko izena eman ahal izango da maiatzaren 2tik 10era. Izen-ematea online egitea gomendatzen da www.donostiaeuskaraz.eus edo www.donostia.eus helbideetan. Hala ere, Udaleko Euskara Zerbitzuaren bulegoan ere egin ahal izango da, Konstituzio plazaren 2an, 9:00etatik-14:00etara.

2022ko udako jarduera honetan 2011tik 2017ra bitartean (bi urte hauek barne) jaiotako haur donostiarrek parte hartu ahal izango dute. Taldeak hizkuntza ereduaren, jaiotze urtearen eta jasotze puntuaren arabera eratuko dira. Udalekuak astelehenik ostiralera eta 09:00etatik 13:30era izango dira. Aurten ere, 08:30etik 9:00etara zaintza zerbitzua eskainiko da eta haurrak jarduera hasi baino lehen, 08:30ean, eraman daitezke jasotze puntuetara.

Plazak zozketa publiko bidez eskainiko dira. Zozketa maiatzaren 23an egingo da eta emaitzak egun berean, arratsaldez, kontsultatu ahal izango dira www.donostiaeuskaraz.eus eta www.donostia.eus webguneetan.

 

Kuota ezberdinak familia motaren arabera

 

  • Hilabete osoko kuota arrunta: 164,06
  • Familia ugariek edota guraso bakarrekoek % 75a ordainduko dute: 123,04 €
  • Familia ugari bereziek kuotaren %50a: 82,03 €
  • Gizarte-laguntza jasotzen duten familiek kuotaren % 10a: 16,40 €.

 

Jardueraren inguruko datu orokorrak

  • Data: uztailean, 4tik 29ra
  • Txanda: txanda bakarrean, 4 astez
  • Ordutegia: goizeko 9:00etatik 13:30era
  • Zaintza zerbitzua: 8:30etatik 9:00etara.
  • Adina: 5-11 urte (2011-2017 urteen artean jaiotakoak
  • Izena emateko epea: maiatzaren 2tik 10era.
  • Jasotze puntuak: izena ematean, familiek aukeratuko dute jasotze puntua. Hiriko 8 ikastetxe jarriko dira jasotzen puntu gisa aukeran.

 

Euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko udaleku aproposak

Donostiako Udalak antolatzen duen udaleku bakarrak euskaraz aritzeko aukera eskainiko die bertan parte hartuko duten haurrei. Horretarako eguneroko ekintzak (jolasak, irteerak, abestiak, dantzak eta abar) euskaraz egingo dira eta euskara haurren harremanetarako hizkuntza izateko helburuarekin estrategiak bideratuko dira.

Jon Insausti Kulturako eta Euskarako zinegotziak nabarmendu nahi izan du euskara sustatzeko Oporretan Euskarazek duen balioa. “Udako jarduera honetan harremanetarako hizkuntza euskara izatea nahi dugu eta helburu horri begira antolatuta dago udalekua. Hezitzaileak aukeratu eta formatzerakoan alor honi garrantzi handia ematen dio Urtxintxak, udalekuaz arduratzen den enpresak”.

Hala ere, udaleku honetan euskararekin harreman gutxi duten haurrek ere izena emango dutenez, errealitate hori ere kontuan hartuko dela aipatu du Insaustik. “Haur horiek euskara eskolan erabiltzen dute gehienbat, eta hori jakinda, hizkuntzaren ikaskuntza prozesua sendotzeko balioko duten ekintza eta dinamika erakargarriak eskainiko zaizkie”.

Horrez gain, beste zenbait helburu ere izango ditu udalekuak: haurren nortasuna eta autonomia garatzea, pertsonen arteko aniztasuna kontua hartu eta estereotipoak gainditzea, ingurunea ezagutu eta naturarekiko errespetua sustatzea eta abar.

Erlazionatutako dokumentuak

2022/04/25-an argitaratua