Donostia KIROLAk udarako kirol-jardueren UDA-22 kanpaina aurkeztu du, kanpaina honetan parte hartzen duten 33 kirol-erakundeek prestatu dituzten ikastaroen eskaintza zabalarekin. Ikastaroak ekainaren 20an hasi eta irailaren 11n amaituko dira.
Jardueren eskaintza
Eskaintza bi talde handitan banatuta dago: batetik, 16 urte arteko ikasleei zuzendutako jarduerak, eta, bestetik, gazteei eta helduei zuzendutakoak.
Uda 2022 Kanpainak 60 jarduera baino gehiagoren artean hautatzeko aukera emango du: arrauna, arku-tiroa, urpekaritza, bela, mendiko bizikleta, eskalada, skatea, esgrima, hipika, padela…
Berrikuntza gisa, aurten Altzako Kiroldegi berrian igeriketa jardueren eskaintza ere izango da.
Inskripzio-sistema
Azken urteetako izen-emate sistema mantentzen da, bi fase ezberdinekin. Lehenengoa aurreinskripzio-fasea da, maiatzaren 2tik 5era bitartean (biak barne) egingo dena.
Fase honetan, ikastaro berean pertsona bakoitzeko aurreinskripzio bakarra onartuko da, baina pertsona berak gehienez lau ikastarotan eman ahal izango du izena. Taldean ere egin ahal izango dira aurreinskripzioak, eta ikastaro bakoitzerako gehienez lau pertsona onartuko dira. Taldeko aurreinskripzio horiek zenbaki bakarrarekin parte hartuko dute zozketan, eta horren emaitzak taldeko kide guztiak lotuko ditu.
Aurreinskripzio horiek Donostia Kirolaren webgunearen bidez egitea gomendatzen da, baina aurrez aurre ere egin ahal izango dira zerbitzu hori ezarri duten erakundeetan.
Egindako aurreinskripzio guztiek parte hartuko dute maiatzaren 6an egingo den zozketan, eta astebeteko epea izango dute ordainketa egin eta izen-ematea baieztatzeko.
Bigarren fasea maiatzaren 23an hasiko da, eta egun horretatik aurrera izena zuzenean eman ahal izango da plaza libreak dauden ikastaroetan.
Erlazionatutako dokumentuak
2022/04/25-an argitaratua