AHT Bilbora sartzeko korridoreko obretarako kudeaketa-agindua baimentzea

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Gobernu Kontseiluak gaur baimendu du, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak proposatuta, Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzari Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriko (AHT), Bilbo-Abandoko geltokira sartzeko korridoreko, lanak kudeatzeko agindua emateko hitzarmena sinatzea. Eusko Jaurlaritzak, Estatuko Administrazio Orokorrak eta ADIFek (Trenbide Azpiegituren Administratzaileak) laster sinatuko duten hitzarmenak luza daitekeen zortzi urteko iraupena izango du, eta bertan ezarriko da Jaurlaritzak egingo duela proiektua eta gauzatuko dituela Zaratamo eta Bilboko erdigunearen arteko tunelaren obrak.

Hitzarmenak jasoko du ADIF Abiadura Handia erakundeak euskal administrazioari ematen diola Bilboko geltokiko beheko mailako zabalera estandarreko sarbiderako korridorerako plataformaren eraikuntza-proiektua eta horren aldaketak egiteko, lanak kontratatzeko eta gauzatzeko eta obrako zuzendaritza-lanak egiteko mandatua.  Zatiaren txosten informatiboa behin betiko onartu gabe dago, ingurumen-eraginaren ebaluazioaren zain baitago. Estatuko trenbide-azpiegituren administratzailea arduratuko da eraikuntza proiektua, eta horren aldaketak, eta lanak gainbegiratzeaz eta onartzeaz, bai eta gainegituraren, elektrifikazioaren, segurtasun eta komunikazioaren eta trenbidekoa ez den segurtasunaren arloko instalazioen proiektua eta lanen exekuzioa gainbegiratu eta onartzeaz ere.

Txosten informatiboa amaitu arte itxaron behar bada ere, obra zibilaren aurrekontu zenbatetsia 220,30 milioi eurokoa da –horietatik 2,89 eraikuntza-proiektua egiteko–, BEZ barne dela. Diru hori Eusko Jaurlaritzak aurreratuko du, eta Kupoaren bidez dagozkion minorazioak egingo dira exekuzio-gastuak konpentsatzeko. ADIF Alta Velocidad erakundeak gainestalduraren eta instalazioen 52,68 milioiak ordainduko ditu. Hitzarmenaren jarraipena egiteko jarraipen eta koordinazio-batzorde bat eta batzorde tekniko bat osatuko dute agiria sinatzen duten administrazioek.

Beste mandatu bat Gipuzkoako zatirako

Bestalde, Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Eusko Jaurlaritzak Astigarraga-Oiartzun-Lezo zatiko abiadura handiko trenbideko lanak egitea ahalbidetuko duen kudeaketa-agindurako hitzarmenari ere. Txosten informatiboak jasoko duen behin betiko zifra zehaztu ez bada ere, gutxi gorabeherako aurrekontua 380,27 milioi eurokoa da.  Era horretara forma emango zaio iaz administrazio eskudunen artean lortutako akordioari. Akordioaren helburu izanik zati horretarako hitzarmen espezifiko bat sortzea eta Gipuzkoan amaitzeke dauden lanentzat ezarrita dagoen agindutik ateratzea, epe barruan amaitzea ezinezkoa izango baita, kontuan hartuta zati hori ingurumen-ebaluazioa egin zain eta Estatuko Gobernuak txosten informatiboa behin betiko onartu zain dagoela.

Euskadiri Gipuzkoako Abiadura Handiko Trenaren eraikuntza-lanak zuzenean gauzatzeko ahalmena ematen dion hitzarmena, Eusko Jaurlaritzaren, Estatuko Administrazio Nagusiaren eta ADIF (Trenbide Azpiegituren Administratzaileak) artekoa 2006an izenpetu zen. Hitzarmena 2017ko abenduan luzatu zen lehenengo aldiz, eta 2021eko abenduan bigarren luzapena, behin betikoa, baimendu zen Ezkioko eta Atotxako geltokien azken faseak gauzatu ahal izateko, bai eta Hernani-Astigarraga zatiarenak eta Astigarragako geltokiarenak ere.