Bilboko Udal Txistulari Banda Barakaldora joango da

0

Ostiral honetan, apirilaren 29an, Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier Garcíak osatzen duten Bilboko Udal Txistulari Banda, Barakaldora joango da, udalerri honetako Udal Musika eta Txistulari Bandekin batera bere hurrengo kontzertua eskaintzeko, “Txistuaz gozatzen!” izenekoa.

Emanaldi honetarako, Bandak errepertorio interesgarri bat aukeratu du, non berriz ere musika herrikoia izango den ikuskizuneko protagonista. Barakaldo Antzokira hurbiltzen diren ikusleek 7 lan zoragarri ikusi ahal izango dituzte: Melvin Sheltonen “Basque Rhapsody”, Raimundo Sarriegiren “Minueto”, Eduardo Gorosarriren “Idiarena”, Gabriel Piernéren “Ramuntcho”, Jagoba Astiazaranen “Errenka”, J. Vicent Egearen “Agur Jaunak” obraren aldakuntzak eta Antonino Ibarrondoren “Laskuraini omenaldia”.

Bilboko Udal Txistulari Banda Gorka Zabaletak zuzenduko du eta Alberto García Espina izango da Barakaldoko Musika Banda gidatzeko ardura izango duena. Ikuskizuna 20:00etan hasiko da Barakaldo Antzokiko 1 Aretoan; sarrerak doakoak izango dira eta kontzertuaren egunean bertan jaso beharko dira leihatilan, lekua bete arte.

Gogoratu beharra dago, Euskalduna Jauregian 2021-2022 denboraldian eskaini duen kontzertu-zikloaz gain, Bilboko Txistulari laukoteak uritik kanpo beste agertoki batzuk bisitatzeko apustua egin duela. Barakaldoko hau izango da aurten egingo duen bigarren irteera, izan ere, joan den otsailaren 19an Zornotzako Musika Bandarekin batera jo zuen talde gonbidatu gisa Amorebieta-Etxanon eskaini zuen kontzertuan.

Bilboko Udal Txistulari Bandaren hurrengo hitzordua maiatzaren 13an izango da, arratsaldeko 19:00etatik aurrera Areatza pasealekua alaituko duen dantzaldi batekin.