Lanak Zorrotzako Muturrean

0

Bilboko Udalak lan batzuk hasi ditu Zorrotzako Muturrean, erabili gabe dauden espazioak leheneratzeko. Zehazki, Zirgariak Kaiaren, Artsenalbidearen eta Archer Marinelaren kalearen arteko zonan.

Ingurune hori berroneratzeko, aire zabaleko jarduerak sustatzen dituzten kirol-elementuak, egoteko lekuak, eta ibilbide seguru, irisgarri eta argiztatuak egingo dira.

Lan hauek Zorrotzako Muturraren estrategiaren barruan daude eta helburu hauek dituzte:

    • Inguruari segurtasun handiagoa ematea, Artsenalbidea eta Erriberako parkea lotzen dituen lurpeko pasabidea kenduz eta hura behar bezala argiztatuz.

 

    • Egoteko eta harremanak egiteko espazioak sortzea, bai eta ibilbide irisgarriak ere.

 

    • Erabiltzen ez diren espazioak berreskuratzea eta ingurune horren erakargarritasuna sustatzea, aire zabaleko kirola sustatuz.

 

    • Bidegorri bat prestatzea eta Erriberako Parketik igarotzen denarekin lotzea.

 

    • Aparkalekurik eza arintzea, auzotarrek erabiltzeko aparkaleku mailakatua sortuz.

 

Lan horiek 1.276.901,47 euroko aurrekontua daukate (BEZ barne), eta zazpi hilabeteko epean amaitzeko aurreikuspena dago.

JARDUKETA-ESPARRUA

Egingo diren jarduketetan oinarrituta, lau eremu bereizten dira:

Gaur egun, Transito kalexkaren alde bietan erabiltzen ez diren orubeak daude, inguruko eraikinak eraistetik datozenak, eta horiek aprobetxatuko dira aparkaleku mailakatua eta pump tracka egiteko.

Done Mikel plazan, bestalde, zoladura hondatuta daukan kirol-pista bat dago, birgaitu egingo da eta kantxa berri bi jarriko dira haren gainean: kirol anitzeko bat (32×19 metroko azalera izango du) eta neurri txikiagoko beste bat (14×9 metro).

Jarduera-eremuaren parte da, halaber, Artsenalbidea Erriberako parkearekin lotzea; orain arte, Clara Campoamor kaletik egin da, lurpeko pasabide ez oso seguru eta irisgarri baten bidez.

Proiektuaren barruan, eta aurretiazko lan gisa, lurpeko pasabideko hormigoizko bloke-hormak eraistea aurreikusten du Udalak, bai eta Artsenalbidean kokatutako udal-jabetzako lurzatiarenak ere. Halaber, jarduketa-eremua oztopatzen duten elementuak kenduko dira, hala nola seinaleak, barandak, itxiturak, mutiloiak…

Erriberako parkean dagoen bidegorri-zatiak ez du gaur egun eremu horrekin loturarik. Tarte hori kirol- eta aisialdi-gune berriarekin lotzeko, parketik bertatik igarotzen diren trenbide zaharrak kenduko dira.

Bidegorriaren luzapenak kaltetutako berdegunea berriro atonduko da.

PUMP TRACKA

Jolas- eta kirol-instalazio hau asfaltatutako zirkuitu itxi bat da, hainbat oztopo, bihurgune, jauzi eta sakangunez osatua, bizikletekin, patineteekin eta abarrekin egin daitekeena.

Zorrotzako Muturrekoa Estatuko osatuenetako bat izango da, konplexutasunari eta lehiaketari dagokienez. Transito kalexkaren ekialdean dagoen lursailean izango da, 1.265 metro koadro inguru dituena, eta hiru gunetan banatuko da, zailtasun-maila desberdinekin, haien artean lotzeko modukoak, erabilera optimizatzeko.

    • Hasierako eremuak 53 metro linealeko ibilbidea izango du. Barruko azalera guztiz asfaltatuta egongo da, skatepark batean egiten denaren antzeko erabilera-ahalmena izateko.

 

    • Maila ertaineko ibilbideak 125 metro lineal eta 1,9 metroko zabalera izango ditu. Hasierako gunea inguratuko du, eta bi puntutan harekin lotu ahal izango da.

 

    • Azkenik, maila aurreratuak obalo forma eta 64 metro linealeko ibilbidea izango ditu. Erabiltzailerik trebatuenentzat diseinatutako hainbat jauzi izango ditu eta, gainera, wallride motako egitura bat izango du, pistaren iparraldera dagoen 180ºko kurbaren gainean.

 

Pump tracka lehendik dagoen zoruaren gainean eraikiko da; zoru horretan koten arteko aldea oso txikia da.

Pump trackeko eta kirol-kantxetarako sarbideen ondoan altzairu herdoilgaitzezko bizikleta-aparkalekuak jarriko dira.

SARE SOZIALAK