Bioekonomiaren arloko aditu europarrek Euskadiko proiektuak bisitatu dituzte

0
Basogintzako ikerkuntzan erreferentzia den European Forest Institute (EFI) Europako erakundearen zuzendaritza-batzordeak Euskadi aukeratu du urteko bilerarako elkargune

Bisita hau bat dator Eusko Jaurlaritzak bioekonomian egiten duen apustuarekin, eta ekoizpen garbia optimizatzeko Ekonomia Zirkularraren eta Bioekonomiaren Planaren barruan kokatzen da

Bioekonomia gero eta nabarmenagoa da Euskadin. Gure lurraldea trantsizio ekologikorantz doa bioekonomiarekin eta baso-ikerketarekin lotutako hainbat proiektu eta ekimeni esker. Testuinguru horretan, Europako Basogintza Institutuaren (EFI) zuzendaritza-batzordea, basoen ikerketan erreferentzia den Europako erakundea, urteroko bilera egiten ari da egun hauetan Euskadin, lurraldea Europako hegoaldeko gune bioekonomikoetako bat bezala azaleratzen ari diren proiektu guztiek erakarrita.

Bihar arte iraungo duen bisitan, egun gure lurraldean bioekonomiaren arloan egiten ari diren proiektu garrantzitsuenetako batzuen aurrerapenak ezagutzeko aukera izango dute. Bertan izango dira Leire Barañano, NEIKEReko zuzendari nagusia eta EFIko zuzendaritza-batzordeko presidenteordea; Santiago Rementeria, Gaikerreko zuzendari nagusia, eta Izaskun Garmendia, Tecnaliako Eraikuntza Produktuen eta Biobasoen negozio-arlokoa.

Euskadi, Europako hegoaldeko bioekonomiaren gunea

«Ez da kasualitatea EFIren organo gorenaren bilera, bioekonomiaren arloari lotutako adituek ordezkatua, egun hauetan gure lurraldean egitea, Enkarterrin, hain zuzen ere. Eskualde horretan bioekonomiaren gune indartsu bat garatzen ari da, prestakuntza, ekintzailetza eta enpresa jarduerak barne hartzen dituena», azaldu du Leire Barañano NEIKEReko zuzendari nagusi eta EFIren zuzendaritza-batzordeko presidenteordeak.

Enkarterri, eta bereziki, Gueñesko (Bizkaia) Basque Design Center, EFIko zuzendaritza-batzordeko kideen lehen geldialdia izan da. Ondoren, Egoin zurezko eraikuntza-enpresa ezagutzeko aukera izan dute Natxituako (Ea, Bizkaia) ekoizpen-plantan. Bertan, enpresak garatzen dituen proiektuak erakutsi dira, eraikuntza jasangarrian oinarritzen den filosofia dutenak, zura eraikuntza-baliabide gisa, ingurumena zaintzeko eta Km0 lehengaia erabiltzeko apustua eginez.

Bihar, berriz, Bizkaiko Parke Teknologikora hurbilduko dira, Biorreskualdeak plataformaren bilakaera ezagutzeko. Plataforma horrek, hainbat proiekturen bidez, eskualdeen arteko lankidetza sustatzen du, basoetan oinarritutako bioekonomia zirkular iraunkor eta integratzaile baterako, eta Euskadik modu aktiboan parte hartzen du plataforman sortu zenetik.

Ondoren, NEIKER, Gaiker eta Tecnalia zentro teknologikoen egoitzak bisitatuko dituzte. Zentro horiek I+G+Bko euskal ekosistemaren erreferenteak dira bioekonomiaren esparruan, eta beraietan baso-ikerketaren eta bioekonomiarekin lotutako proiektuen arloan Euskadik dituen gaitasun teknologikoak ezagutuko dituzte.

Ildo horretan, azken urteotan, NEIKER zentro teknologikoa, lehen sektoreari irtenbide teknologikoak eskaintzen espezializatua, lankidetzan ari da Euskal Autonomia Erkidegoan ekonomia zirkularra bultzatzeko hainbat proiektuetan, hala nola Latxari proiektuan, latxa ardien artile-hondakinei bigarren bizitza bat emateko edo FERTILWASTES proiektuan, ongarri eta bioestimulatzaile berriak garatzen hondakin organikoen aprobetxamendu jasangarriaren bidez.

Ekonomia- eta enpresa-sare iraunkorrago baterantz

Euskadik urteak daramatza ekonomia zirkularraren arloan lanean. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren datuen arabera, 2000. urtetik, euskal ekonomia %26 hazi da; materialen kontsumoa, berriz, %25 murriztu da, eta zabortegietako hiri-hondakinen bolumena, berriz, %56 murriztu. Trantsizio ekologikoaren garai honetan, euskal ekonomia materialen kontsumotik eta hondakinen sorreratik desakoplatzen ari da, ekonomia zirkularra bultzatzeko lehen aipatutako neurri eta proiektuen bitartez.

Testuinguru horretan, joan den urrian, Eusko Jaurlaritzak Ekonomia Zirkularraren eta Bioekonomiaren Plana onartu zuen. Ekimen hori Europako Itun Berdearekin lerrokatuta dago eta lehengaien kontsumoaren eraginkortasuna bultzatzea, hondakinak murriztea eta ekoizpen garbia optimizatzea ditu helburu. Beste erronka batzuen artean, plan honek produktibitate materiala %30 handitzea, hondakinak sortzeko tasa %10 murriztea eta Euskadi Europako ekonomia zirkularreko liderren artean kokatzea aurreikusten du.

Bisita hau Eusko Jaurlaritzak lurraldean eta bertoko enpresen artean bioekonomia sustatzeko estrategiaren barruan kokatzen da, ekoizpen eredu lineala eraldatzeko ekoizpen jasangarriago baterantz, proiektu, plataforma eta ekimen ezberdinen bitartez. Azken helburua gizakien ongizatea eta planetaren osasuna bermatzea da, NBEk ezarritako Garapen Iraunkorreko Helburuak -ODS- lortuz.

European Forest Institute (EFI) erakundeari buruz

European Forest Institute (EFI) basoen ikerketan erreferentzia den Europako erakundea da, eta basoekin lotutako gaietan erakundeei ematen dien laguntza normatiboagatik nabarmentzen da. 1993an sortu zen nazioarteko baso-ikerketa hobetzeko eta erabakiak hartzeko ardura dutenei Europa osoko basoei buruzko informazio inpartziala emateko.

Gaur egun, 28 estatu kide dituen nazioarteko erakundea da, eta Europako 37 herrialde eta eskualdetako 115 kide ditu, Euskadi barne.