Eusko Jaurlaritzak 52 milioi euro bideratuko ditu Bilakatu COVID-19 programara

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman du BILAKATU COVID-19 programarako aurrekontuari beste 27 milioi euro gehitzeko. Diru-laguntzak enpresaren jarduera dibertsifikatzeko eta/edo birkokatzeko negozio, produktu, zerbitzu eta merkatu lerroetan gaitasun berriak garatzen dituzten enpresei zuzenduta daude. Diru hori 2022ko martxoaren 2ko aginduan jasotako eta hasieran aurreikusitako 25 milioiko kontu-sailari batuko zaio, eta guztira, beraz, 52 milioi euro izango dira.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzak, laguntza horiek izapidetzen dituenak, martxoan, deialdia ireki zenetik 20 egun baino igaro ez zirenean, egiaztatu zuen eskaera-kopuru handia (117) jaso zela eta aurkeztutako inbertsioa 458 milioi eurokoa zela –estimazioak 49,3 milioi euroko laguntza sortuko zuen–. Sailak programara hasiera batean izendatutako kopurua 25 milioikoa zenez, ikusi zen kontu-saila igo egin beharko zela ahalik eta eskabide gehienei erantzun ahal izateko.

Bestalde, Ukrainaren inbasioaren ekonomian eta gizartean dituen ondorioak ikusita, Eusko Jaurlaritzak apirilaren 12an 158 milioi euroko neurri-multzo bat onartu zuen ekonomia dinamizatzeko, enpleguari eusteko eta pertsona eta familia zaurgarrienei laguntzeko eta, era horretara, gerra horren ondorioei aurre egiteko. Neurri horietako bat ekonomiari laguntzeko funtsa da: 142,9 milioi euro izango ditu eta enpresei eta enpresa txiki eta ertainei zuzendutako laguntza osagarriak finantzatzeko izango da, eta, besteak beste, Bilakatu programa Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren jardueretara zabaltzeko beste 27 milioi euro izango dira.

Kopuru horixe da hasieran aurreikusitakoari gehituko zaiona, eta Eusko Jaurlaritzak, beraz, guztira 52 milioi euro bideratuko ditu programa horren bidez industria-arloko gaitasun berriak dibertsifikatzeko eta birkokatzeko inbertsioak gauzatzea sustatzera, hazkuntza jasangarria lortzeko eta horrek balio erantsia izan eta euskal enpresek merkatuetan duten lehiakortasuna hobetzeko.