Gazte eta nerabe musikarien esperientziak ezagutu eta elkarbanatzeko aukera izan zen ‘Gazteak eta musika’ saioan

0
Pasa den apirilaren 21ean Gazteak eta Musika ekintza burutu zen, Sanagustin eta herriko gazteen musika taldeek elkarlanean, udal Gaztelekuak antolatuta. Ukabil, Istillu, Leherkaitz eta No Place taldeekin solasean aritzeko eta beren musikaz gozatzeko aukera izan zuten bertan elkartutakoek. Ekintzaren balorazio positiboa egin dute antolatzaileek.

Antolatzaileek “eskerrak” eman nahi dizkiete ekintzan parte hartu zuten herriko gazte zein nerabeei eta Sanagustin kurturguneari: “Gaztelekuko nerabe talde bat ere izan dugu antolaketa lanetan bidelagun eta esker berezi bat eman nahi dizuegu zuen konpromiso eta parte hartzeagatik”. Antolatzaileek “balorazio oso positiboa” egiten dute eta “egun bikaina igaro” igaro zutela elkarrekin azpimarratu nahi izan dute. Gazteak eta Musika “ekarpen handia” izan da, eta nolabait, “errekonozimentu bat nerabezaroari eta herrian martxan diren gazteen musika taldeei”.

Berriro elkar topatzeko eguna izan zen pasa den ostegunekoa. Izan ere, musika talde horietako partaide ia gehienak Gaztelekuan ibili izan dira: “Gaur egun, beren eskuzabaltasuna miresten dugu horrelako egun batean partehartzeak, atzetik etorriko diren nerabeei bultzada ematen laguntzen dielako. Aupa zuek!”.

Solasaldian beren errealitatea azaldu zuten: taldearen hastapenak, bidean izandako pasadizoak zein oztopoak, letrekin adierazi nahi dutena, antolatzeko duten modua… Argi azaldu zuten gazteen “nahi eta grina” batzuetan ez dela nahikoa eta entseatzeko leku bila zailtasunak izan dituztela. Hala eta guztiz ere, datozenentzat mezu garbia zabaldu zuten: “eman latie, eskau eta ez euki lotsaik”. Gazteak duen indarra eta nerabeak duen gogoa ondo ezkondu ziren solasaldian zehar eta bertaratu ziren nerabeek “asko gustatu” zitzaiela adierazi zuten.

“Horrelako egun bat eta gero, indartuta itzuli gara eguneroko lanera. Esperientzia bat gehiago bizitzeko aukera izan dugu elkarrekin eta elkarlanean. Horrek harremanak estutzen ditu, elkar hobeto ezagutzeko aukera ematen digu eta konfiantzaren pedagogian indartzen gaitu. Ikusten zaitut eta sinesten dut zure ahalmenean”, adierazi dute hezitzaileek. “Belaunaldi berriak badatoz eta badoaz, indartsu eta eraikitzeko gogoz. Tamalez, ordea, haurren munduaren eta helduen munduaren arteko ez-leku batean kokatzen ditugu sarri. Horrek errekonozimentu falta dakar eta falta horrek, komunitate osasuntsu bat birpentsatzeko aukera galtzea”.

WhatsApp Image 2022 04 21 at 6.17.01 PM