INDEUS Elkarrizketak, Industriaren Euskal Plataformako enpresekin egindako solasaldi sorta abiarazi du Sprik

0

INDEUS, Industriaren Euskal Plataformako kide diren enpresa, zentro teknologiko eta elkarteetako ordezkariei egindako elkarrizketek osatzen dute plataforma honek abiarazitako ekimen berriak. Apirilaren amaieran hasi eta uztailera bitartean, astero bideo formatuan grabatutako elkarrizketa bat argitaratuko du Sprik, IndeusBerri gunean.

INDEUS Elkarrizketak ekimenaren lehen fase honetan plataformako hamahiru kidek hartu dute parte: Leire Colomo (AMPO), Maider Aizpuru (BIELE GROUP), Rikardo Bueno (BRTA), Javier Principe eta Ramon Mendiguren (CIKAUTXO), Aner Garmendia (EGA MASTER), Iñigo Arrieta (EIKA), Imanol Iparragirre (ELAY), Miriam Frances (ENERGIA Klusterra), Eneko Astigarraga (ESLE), Oihana Arrieta (GAIA Klusterra), Ion Etxeberria (IKERLAN), Jon Kortabarria (MAIER) eta Nora Gurrutxaga (VICOMTECH).

Solasaldiotan, erakunde bakoitzaren historia eta jarduna ezagutzearekin batera, euskararen presentzia, hizkuntzen kudeaketa eta industrian euskararen erabilera handitzeko gogoetak dira hizketa gai nagusi.

Lehen fasea bukatuta, INDEUSeko gainerako partaideek aukera izango dute bigarren solasaldi-sortan parte hartzeko.

INDEUS Industriaren Euskal Plataforma, Spri-Enpresen Garapenerako Agentziak, Energiaren Euskal Erakundeak, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek bultzatzen duten ekimena da, Euskal Autonomia Erkidegoko industria arloan euskararen presentzia areagotuz, euskal enpresen lehiakortasunaren euskarri izatea helburu duena. Gaur egun 29 enpresa, zentro teknologiko eta elkarte ditu INDEUSek.