Barakaldoko gazteek berdintasunaren alde lan egiteko konpromisoa hartu dute eta «Generation Equality» belaunaldiko kide izango dira

0

Barakaldoko Udalbatzak indarkeria matxistaren aurkako itun sozial eta herritarra onartu du gaur arratsaldean. ‘NBE Emakumeak’ izeneko erakundeak mundu osoan bultzatzen duen Generation Equality-ren barruan, Emakume eta Gazteria arloek Barakaldoren parte-hartzea bultzatu dute Emakunde – Emakumearen Euskal Erakundeak xedatu duen erronka berrian, Beijing-eko Konferentzia bere 25. urteurrenean hurbildu eta etorkizuneko erronkak xedatzeko asmoz.

Horrela, Barakaldok beste urrats bat eman du berdintasunarekiko konpromisoan. Horretarako, azken hilabeteetan talde eragile bat sortu da, udalerriko elkarte sozial, feminista eta emakume-elkarteei irekia, baita Gazteria Zerbitzuaren barruan berdintasunaren alde lan egiten duten gazte-taldeei ere: Eragile Morea Giltzarrin eta Gazte Bulegoaren Ahalduntze Eskola. Udaleko eta Emakundeko teknikariek laguntzen duten talde eragilearekin, azken 25 urteetan ordezkatutako esparru bakoitzean (gazteak, emakume edadetuak, emakume ijitoak, kirol-eremua) berdintasunaren arloan izan diren aurrerapenak ebaluatu dira, egungo egoeraren diagnostikoa egin da eta datozen 5 urteetarako konpromisotzat hartzen diren erronkak ezarri dira.

Dozena erdi lan-saio egin dira talde eragilearekin, eta konpromiso hau hartu da: Gaur Barakaldon bilduta gauden emakumeok konpromisoa hartzen dugu, banaka eta taldean, gure gaitasunez eta baliabideez, BERDINTASUNAREN alde lan egiteko, arreta berezia jarrita gazteengan, emakumeen aniztasuna errespetatuz eta lidergo feministaren ikuspegitik, gorputzaren, osasunaren eta sexu- eta ugalketa-eskubideen gaineko autonomia bultzatuz, eta, era berean, berdintasunerako teknologian eta berrikuntzan heziz. Konpromiso horrek 5 urteko indarraldia du (2021-2026).

Konpromiso hori garatze aldera, gaur osoko bilkuran onartutako akordioak hainbat ekintza jasotzen ditu ardatz horien inguruan: prestakuntza, informazioa eta baliabideak; ikusaraztea eta lidergoa. Proposatu diren ekintzen artean honako hauek daude: osasunaren arloko prestakuntza ikuspegi feministarekin egitea, eten digitala arintzeko prestakuntza, emakumearen eta adinekoen errealitatearen ezagutza zabaltzeko, eta prestakuntza ematea gizarte- eta hezkuntza-eragileei eta herritarrei arlo hauetan: sexu- eta ugalketa-osasuna, mikromatxismoak, autodefentsa feminista, lidergo feminista eta abar.

Era berean, lana emakumeen aldeko eta emakumeentzako zerbitzuak biltzen dituen gida batean zehazten da; komunikazioan aniztasuna txertatzen duten jarduerak zabaltzea; hizkuntza inklusiboa txertatzea; teknologia berriak erabiltzea lider feministak ikusarazteko; emakumeen kulturarteko topaketa bat egitea kultura guztien errealitateak ezagutu daitezen, edo emakumeen segurtasuna indartzea programa desberdinen bidez, besteak beste.

«Berdintasuna lortzea talde-lana dela uste dugu, eta, hori erdieste aldera, beharrezkoa da gizarte osoaren ekarpena. Horregatik iruditu zitzaigun hain garrantzitsua kolektibo desberdinak proiektu honetan inplikatzea», azaldu du Gazteria arloko zinegotzia den Jonathan Martinek. «Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu parte hartu duten pertsonei, saio guztietara beren ezagutza eta ideiak emateko gogoz joan direlako, proiektu hau errealitate izan dadin», esan du azkenik Martinek.

Proiektua aho batez onartu da.