Birziklatzearekin konpromisoa daukaten bilbotarrek sariak eskuratu ditzakete

0
PRUEBA

Birziklatzearekin konpromisoa daukaten bilbotarrek gaurtik aurrera sariak eskuratu ditzakete edarien plastikozko botilak eta latak birziklatzen dituzten bakoitzean. Hori posible egiten du Bilboko Udalak Ecoembes-en RECICLOS sistemarekin bat egiteak. RECICLOS itzulketa eta saritze sistema (ISS) da.

Gaur goizean egin den ekitaldian, Kepa Odriozola Bilboko Udaleko Zerbitzuetako eta Bizi Kalitateko zinegotziak eta Ángel Hervella Ecoembes-eko autonomia- eta toki-kudeaketako zuzendariak birziklatze-sistema hau aurkeztu dute. Sistema honetan, birziklatzen duten herritarrek sariak eskuratzen dituzte, eta ingurunea hobetzeko edo premiak dituzten pertsonei laguntzeko pizgarriak ematen dira. Aldi berean, ontzien zirkulartasuna sustatzen da, hau da, birziklatu ondoren beste bizitza bat ematen zaie.

Hala, bilbotarrek edarien plastikozko botilak eta latak birziklatu ahalko dituzte udalerriko kaleetako 1.549 edukiontzi horietan (teknologia hori jarri baitzaie), eta izaera sozialeko edo ingurumeneko kutsua duten sariak lortu. Esate baterako, patinete elektriko baten zozketan parte hartu ahalko dute, edo RECICLOS puntuak Ecoembes basoa sortzen laguntzera bideratu, degradatutako zona natural bat lehengoratzeko eta zuhaitzak berriro landatzeko.

Kepa Odriozola Bilboko Udaleko Zerbitzuetako eta Bizi Kalitateko zinegotziak esan duenez, Bilbok “ilusio handiz bat egiten du RECICLOS-ekin. Espero dugu ekimen honek ontzien birziklatze-ratioa hobetzen lagunduko digula”. “Hala, birziklatze digitalaren munduan sartuko gara, eta bilbotarrek aplikazioa deskargatu eta edukiontzi horian sartzen dituzten ontziak erregistratu ahalko dituzte. Keinu horrek sariak ekarri ahalko dizkiete, eta horrela Bilborekin, planetarekin eta etorkizuneko belaunaldiekin daukaten konpromisoa erakutsiko dute”.

Bestalde, Ángel Hervella Ecoembes-en autonomia- eta toki-kudeaketako zuzendariak esan duenez, “Europar Batasunak birziklatzearen alorrean ezartzen dituen helburuak gero anbiziotsuagoak dira eta gizarte osoari esfortzu handia eskatzen diote. Horrexegatik, Ecoembes-ek konponbide berritzaileak eskaini gura dizkio erronka honi; hortxe kokatzen da RECICLOS ekimena. Horrela, ontzien zirkulartasuna sustatzen dugu eta herritarrek, gainera, ingurunea hobetzen dute birziklatzean eskuratzen dituzten sariekin”.

RECICLOS

Sistema hau erabiltzeko, herritarrek RECICLOS doako aplikazioa deskargatu behar dute eta, etxean, birziklatu gura duten plastikozko botilaren edo lataren barra-kodea eskaneatu, kubora bota baino lehen. Kalean, ontzien poltsarekin edukiontzi horira joaten direnean, bertan utzi behar dute eta edukiontzian dagoen QR kodea eskaneatu.

ISS honek makinak dauzka, bestalde. Haietan, erabiltzaileek edarien plastikozko botilak eta latak RECICLOS-en makina batean sartu behar dituzte, eta makinak erakutsiko duen QR eskaneatu. Gainera, 2021etik, RECICLOS-ek edukiontzi hori adimentsuak dauzka (uztai teknologiko bat daukate ahoan), bertan sartzen den hondakina identifikatzeko eta prozesua errazteko. Oraingoz, Sant Boi de Llobregat udalerriko auzo batean ipini dira.

Edukiontzi horiak edo makinak erabiltzean, erabiltzaileek RECICLOS izeneko puntuak eskuratuko dituzte, eta beraien bidez hainbat sari eskuratu. Puntu horiek muga bat izango lukete astean, herritarrek ontziak gehiago eta hobeto birziklatzeko eta modu arduratsuan kontsumitzeko.

ECOEMBES

Ecoembes irabazi-asmorik gabeko ingurumen-entitate bat da, Estatuan plastikozko ontziak, latak eta brik motako ontziak (edukiontzi horia) eta kartoizko ontziak eta papera (edukiontzi urdina) berreskuratzeko eta birziklatzeko eginkizuna koordinatzen duena.

2020an, birziklatze-instalazioetara 1.490.283 tona etxeko ontzi eraman ziren kaleko edukiontzi hori eta urdinetatik, jende asko biltzen den lekuetan eta udal hondakinen plantetan gaika bildutakoak. Horri esker, hainbat onura lortu dira ingurumenerako, besteak beste, CO2 gasaren 1,67 tona gutxiago isuri ziren atmosferara, eta 20,29 milioi m3 ur eta 6,37 milioi Mwh energia aurreztu ziren.