Hamar online ikastaro eskaintzen ditu doan Barakaldoko Enplegu arloak Mentor Gelaren bidez

0

Gaur goizean eman du aditzera Juan Antonio Pizarro Inguralde Garapen Agentziako Enplegu arloko zinegotziak zabalik dela Barakaldoko Mentor Gelaren bitartez hamar ikastaro berri egiteko izen-ematea; ikastaroek arlo digitala ezagutzea eta horretan trebatzea dute ardatz.

Matrikula doan da.  Izen-ematea Inguraldeko egoitzan (Aldapa kalea, 3A) aurrez aurre egitea dago, baita barakaldo@aulamentor.es posta elektronikoko helbidera idaztea nahiz 944 789 527 telefono zenbakira hots egitea. Ikastaroetako kopurua mugatua da, eta izen-ematearen arabera esleitzen dira tokiak. Maiatzaren 12an jarriko dira martxan.

Ikastaroek ez dute azterketa presentzialik, eta gehienek bi hilabete irauten dute. Aprobetxamendu nahiz bertaratze egiaztagiria Ciscok ematen du, ikastaroa berak antolatu badu; bestela,  tutoreek.

Barakaldarrak ikastaroetan parte hartzera animatu ditu Pizarrok. Teknologia berriei esker laneratze-aukerak nabarmen ugaritzen direla gogorarazi du zinegotziak, bai eta arlo horretan etengabe prestatu beharra dagoela ere.  «Ciscok eskaintzen dituen prestakuntza espezializatua daukaten langileen profilak asko baloratzen dituzte enpresek.  Ziurtagiri horiek sareak diseinatzeko eta horien euskarrietarako industriaren estandar gisa onartzen dira mundu osoan».

Oraingo honetan ikastaro hauek eskainiko dira: Linux Essentials (Cisco), Gauzen interneta (Cisco), Zibersegurtasuna: hastapena (Cisco), Ekintzailetza digitala (Cisco), Networking Essentials (Cisco), Get Connected (Cisco), Essentials zibersegurtasuna (Cisco), Salesforce: hastapena, Salesforce: administrazioa eta azkenik, Fisika: hastapena.

ESPAINIAKO GOBERNUAK SUSTATUA

Jarduera-familiatan multzokatutako 150tik gora prestakuntza-ikastaro eskaintzen ditu Gelak. Ikastaroek tutorearen laguntza dute, eta, horrez gainera, Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioren egiaztagiri ofiziala, bera baita Mentor Gela proiektuaren sustatzailea.

Barakaldoko Udaleko Inguralde Garapen Agentziak kudeatzen du Barakaldoko Mentor Gela. Duela gutxi Ministerioarekin sinatutako akordio bati esker, gure erakundea da gaur egun Euskal Autonomia Elkartean horrelako ikastaroak eskaintzen dituen bakarra.