Basque Culinary Centerren ‘Culinary Action! ekintzailetza sustatzeko ekimenak Inkubagailu berria aurkeztu du Euskadiko jatetxe gastronomiko berrientzat. Inkubazio-programa bat da ekintzailetza gastronomikoa indartzeko, eta Basque Culinary Centerren Culinary Action! ekintzailetza sustatzeko ekimenaren barruan oinarri teknologikoko ekintzailetza babesteko beste ekimen batzuk osatzen ditu.
Inkubagailua lehena da ezaugarri hauekin Euskadin eta helburu du jatetxe gastronomikoen belaunaldi berriak bideratzea eta erreferentzia bihurtzea. Hala, ideiak eta proiektuak sortzen lagunduko du, baldin eta berrikuntza, kalitatea eta plangintzaren ikuspegitik bereizgarriak badira. Inkubagailuak talentu ekintzailea indartu eta gaitu nahi du, eta, horretarako, lurraldeko izaera berritzailea indartzeko proposamen berriak garatuko ditu.
Testuinguru horretan, Culinary Action! ekimenak jatetxe gastronomikoetarako inkubazio-programa sortzea proposatzen du ideia berritzaileak izan eta errealitate bihurtu nahi dituztenetzat. Proposamenak maiatzaren 13ra arte aurkez daitezke. “Hazi” egoeran balioa duten ideia eta proposamen berriak aurkeztu ahalko dira, betiere berritzaileak eta disruptiboak badira eta jatetxeen kontzeptuan kalitate- eta berrikuntza-bereizgarriak badituzte.
Inkubazio Pertsonalizatua
Aurkeztutako proposamen guztien artean 10 aukeratuko dira, eta maiatzaren 16an iragarriko dira. Inkubazio-prozesua Basque Culinary Centerreko LABe-Digital Gastronomy Lab, berrikuntza gastronomiko irekirako Living Lab eremuan egonaldia egin eta laguntza jasotzean datza bederatzi astez (2022ko maiatzetik uztailera). Bertan, sukaldaritzaren sektoreko adituek astero aholkularitza-lanetan eta bootcampetan jardungo dute, aholkulariek aholku pertsonalizatua emango diete, prestakuntza jasoko dute zenbait eremutan, hala nola marketinean eta salmentetan, finantzetan edo kudeaketan, eta ingurune berritzailean konponbideak testatze aldera proba pilotuak egingo dituzte, azkenean abiarazteko. Amaitzeko, Demo Day pribatu batean parte hartu ahal izango dute uztailaren 14an balio-proposamena Basque Culinary Center sareko inbertitzaileei eta korporazioei aurkezteko, eta proiektu irabazle bat hautatuko da.
Gainera, prozesuan Culinary Action! ekimenaren laguntza eta expertise ekintzailea izango dute, Basque Culinary Centerren ekosistema guztiarenarekin batera. Ekimenaren partner-ak eta Gipuzkoako Ostalaritzako Enpresaburuen Elkarteak babestuko dituzte, zenbait zerbitzu eman eta kolaborazio egingo baitituzte. Aipatzekoa da La Salvek aholkularitza eta ekipamendurako eman duen laguntza. Mentoria pertsonalizatuetan 1.000€ emango ditu, eta Aravenek bere aldetik, 2.000€-rainoko ekarpen ekonomikoa egingo du establezimendu bakoitzeko. Era berean, Do-it Augmented Reality Technologies-ek karta digital bat garatuko du, programaren proiektu irabazlearentzat 3Dko platerak ikusteko aukera emango duena, eta tSpoonLab-ek hilabeteko proba eskainiko du, parte-hartzaile bakoitzarentzat jatetxeak kudeatzeko softwarearen lizentziaren gainean.
Azkenik, gauzatuko diren proiektuek Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko Sailaren Gastrobikain Deialdian parte hartu ahal izango dute. Deialdi horretan, negozio gastronomikoen proiektu berrietarako diru-laguntzak aurreikusten dira: diruz lagun daitekeen inbertsioaren %40raino, gehienez ere 50.000 euro proiektu bakoitzeko.
Adituak
Basque Culinary Center sareko estatuko eta nazioarteko aditu, aholkulari eta inbertitzaile batzuk honako hauek dira: Íñigo Peña (Narru jatetxea), Paulo Airaudo (Amelia jatetxea), Oscar García (Baluarte jatetxea), Joxean Merino (PerretxiCo jatetxea), Naiara López (Elkargi), Bella Bowring (Geralds Bar) eta Aizpea Oihaneder (Xarma Cook and Culture).
Culinary Action! ekimeneko inkubagailu berria honako hauen laguntzari esker gauzatu da: Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingumen Saila, Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea eta La Salve Araven partnershipa. Culinary Action! Basque Culinary Center eta Haziren ekintzailetza gastronomikorako programa da, eta The Food Global Ecosystem proiektuaren barruan kokatuta dago.
Programan izena emateko, inprimakia osatu beharko da maiatzaren 13a baino lehen Culinary Action! webgunearen bidez: https://culinaryaction.com/incubadora