Udalbatzak uko egin dio barakaldarrek prozesu parte-hartzaile baten bidez hautatu duten bandera ofizialari

0

Alderdi guztiak, EAJ-PNV izan ezik, abstenitu egin dira bozketan, eta, horrela, parte-hartze prozesuarekin jarraitzea eragotzi dute, proiektuari egindako alegazioen bidez. «Pena da beste udal batzuetan egin ahal izan dena Barakaldoko Udalean ezin egin izana, nahiz eta Espainiako Bexilologia Elkartearen, hiriko historialarien eta gure bizilagunen bozketaren partaidetzarekin beste udalerri batzuek baino prozedura bermatzaileagoa jarraitu», deitoratu du Alkatetza eta Gobernu Irekiko zinegotzia den Gorka Zubiaurrek.

Barakaldok itxaroten jarraitu beharko du bandera ofiziala izateko. Hala erabaki du gaur arratsaldeko osoko bilkurak, EAJ-PNV ez beste talde guztiak bozketan abstenitu ondoren; izan ere, horrela, proiektuaren alegazioen bidez parte-hartze prozesuarekin jarraitzea eragotzi da. Osoko bilkurara eraman zen bandera ofizialaren proposamenean 2.600 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten aldez aurretik. «Pena da horrelako proiektu ilusionagarri bat, beste udal batzuetan arrakastaz gauzatu dena, Barakaldon aurrera atera ezin izana. Tamalez, ohituta gaude horrelako egoera zentzugabeak jasatera, non beste udalerri batzuetan arazorik sortzen ez duten proiektuek hemen polemikak sortzen dituzten», adierazi du Alkatetza eta Gobernu Irekiko zinegotzia den Gorka Zubiaurrek. «Udaleko alderdi politikook ez gara egon gure bizilagunek espero zuten mailan horrelako une historiko batean», esan du zinegotziak.

Barakaldok ez du bandera ofizialik, eta udaletxeko balkoian zutoihal morea dago, hiriko armarria duena eta Udala bakarrik ordezkatzen duena, ez baita herritarron bandera. Hala, iazko irailean, Alkatetza, Gobernu Ireki, Turismo eta Berrikuntza Sailak hiriari bandera ofiziala emateko izapideak abiarazi zituen, foru araudian jasota dauden jarraibideen arabera. Horretarako, txosten bat eskatu zitzaion Espainiako Bexilologia Elkarteari. Elkarte horrek 240 udalerriri baino gehiagori eman die aholkularitza lan horretan, baita hiriaren historian adituak diren hiru historialariri ere. Prozesua osatzeko, Herritarren Partaidetza Prozesu bat jarri zen abian, eta bertan bozketa-formularioak banatu ziren etxe guztietan (Infobarakaldo udal-egunkariaren bidez); parte hartzeko 15 postontzi jarri ziren auzoetan, eta on line kanal bat jarri zen parte-hartzea errazagoa izan zedin. 2.620 barakaldarrek parte hartu zuten bozketetan, Espainiako Bexilologia Elkarteak egindako bost proposamenetatik gustukoena zein zen erabakitze aldera.

ALDERDI POLITIKOEK EZ DUTE PROPOSAMENIK EGIN

Prozesu osoa bi Informazio Batzordetan eta Bozeramaileen Batzordean iragarri eta azaldu da, Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoekin batera. Horrezaz gainera, Alkatetza arloko zinegotziak bilerak egin ditu udal taldeekin, prozesuari buruz duten iritzia jakiteko. Horietako inork ez du bere gaitzespena adierazi aste honetara arte. «Irailaz geroztik, alderdi guztiei eman zaie jarraitu beharreko prozesuaren berri, alderdiekin bildu gara eta ez dute proposamen edo alternatiba bakar bat ere egin», azpimarratu du Zubiaurrek. «Beste udalerri batzuetan, Basaurin adibidez, bexilologo baten azterlanarekin bakarrik onartu da bandera ofiziala. Hemen berme gehiago eskaintzen genituen eta, hala ere, beste interes batzuk nagusitu dira. 40 urte baino gehiago igaro dira udal demokratikoak ezarri zirenetik, eta Barakaldok bandera ofizialik gabeko udalerria izaten jarraitzen du. Batzuei berdin zaie, baina uste dut alferrik galdu dugun aukera bat izan dela, bandera izatea Barakaldo izatearen harrotasuna indartzeko modu bat izango zen-eta», nabarmendu du zinegotziak.

Barakaldoko bandera ofiziala hautatzeko prozesua, beraz, eten egin da. «Berriro hasteko aukera izango bagenu, urrats berberak egingo genituzke, uste baitugu barakaldarrek aukeratu behar dutela beren proposamenik gogokoena, banderak sortzearen arloan adituak diren pertsonen gomendioetatik abiatuta. Gure aburuz, politikariok bazterrean geratu behar dugu gai horretan, baina azkenean ezinezkoa izan da bazterrean geratze hori», azaldu du. «Eragozpen honek ez gaitu geldiaraziko. Bandera sortzen saiatu gara. Orain, abian ditugun gainerako proiektuetan lanean jarraituko dugu, pandemiaren unerik latzenen ondoren Barakaldok abiadura har dezan, eta murgilduta gauden bigarren eraldaketa sozial eta hiriko eraldaketa handi hori posible egiten jarrai dezagun, gure bizilagunen bizi-kalitatea hobetuz», adierazi du azkenik.