Adituek ‘Euskadiko etorkinen integrazioari buruzko joerak eta erronkak’ aztertuko dituzte Bilbon

0
PRUEBA

Ikuspegi-Immigrazioaren Euskal Behatokiak lan-jardunaldi bat antolatu du bihar, Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailarekin elkarlanean.

Etorkin Atzerritarrei buruzko Inkestan (EABI 2018) bildutako datuetan oinarrituta Adituek egindako ikerketak aztertuko dira jardunaldi horretan. Bertan izango dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako estatistika-arloko arduradun Luis Sanzo; Nafarroako Unibertsitate Publikoko Rubén Lasheras eta Izaskun Andueza; UPV/EHUko Yolanda González Rábago eta Arkaitz Fullaondo; eta Begirune Fundazioko Xabier Aierdi.

Aurkezpen-ekitaldia 09:15ean hasiko da Bilboko Bizkaia Aretoan, eta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuorde Lide Amilibiak, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreorde Gorka Morenok eta Ikuspegiko zuzendari Julia Shershnevak hartuko dute parte. Horiek hitz egin ondoren, aditu bakoitzak bere lanei buruzko hitzaldia egingo du, honako gai hauei buruzkoak izanik lanak: egoera sozioekonomikoa, enplegua lortzea, bizitegi-eremua, osasuna, hezkuntza eta harreman sozialak.

Aurkeztuko den txostenak, “Euskadiko etorkinen integrazioari buruzko joerak eta erronkak” izenekoak, jarraipena eman nahi dio Ikuspegik 2017an egindako argitalpenari. Aztertu diren datuak 2018an jaso ziren, eta, beraz, ez dituzte barne hartzen ondorengo krisien ondorioak -COVID-19arena-, ez eta ondorengo atzeraldi ekonomikoa ere.

Azterketa eta ondorioak

Egoera sozioekonomikoari dagokionez, atzerritar jatorriko biztanleen kolektiboak prekarietate ekonomikoan eta lan prekarietatean jarraitzen du 2018an. Azterketak agerian utzi du kolektibo horrek neurriz kanpo jasan dituela XXI. mendean Euskadin izan diren krisi sozial eta ekonomikoen ondorioak. Alde horretatik, txostenak azpimarratzen du garrantzitsua dela “atzerritar jatorriko biztanleen kolektiboari eragiten dion desberdintasun sozioekonomikoa gainditzea, batez ere gazteenen eta haurren artean”.

Bestalde, enplegua lortzeari dagokionez, 2018an hobekuntza batzuk nabari diren arren, oraindik ere aukerak ez dira berdinak, prekarioagoak dira, bertako biztanleriarekin alderatuta. Gainera, jatorria, sexua eta adina aldagaiek eragin handia dute atzerritar jatorriko pertsonen egoeran, eta emakumeak, gazteak eta Afrikatik etorritako pertsonak dira kaltetuenak.

Bizitegi-eremuari dagokionez, immigrazioari lotutako etxebizitza eskasen irudiak ez du oinarririk datuetan; izan ere, ia etxe guztiek dute oinarrizko ekipamendua, eta ez da jende-pilaketa bezalako gabeziarik identifikatu. Bizitegi-egoera okerragoan daude guraso bakarreko familiak (amarekin, batez ere), EAEn erroldatuta denbora txikia daramaten pertsonak eta, administrazio-egoera irregularrean dauden atzerritar jatorriko pertsonak. Jatorriari dagokionez, berriz ere Afrikatik etorritako pertsonak (Senegal, Magreb eta Saharaz hegoaldeko gainerako Afrika) eta Boliviakoak dira besteekin alderatuta bizitegi-egoera okerragoan daudenak, eta Europatik eta Txinatik etorritakoek, berriz, bizitegi-baldintza hobeak dituzte.

Osasunari dagokionez, 2018 EABIko datuek erakusten badute ere, oro har, osasun-egoera ona dutela atzerritar jatorriko biztanleek, okerrera egin du, jatorriaren arabera salbuespen batzuekin. Gainera, badirudi beren jatorri bereko gizonek baino osasun txarragoa dutela emakume migratzaileek.

Hezkuntzari dagokionez, datuek agerian utzi dute gaztelaniaren ikaskuntza ia ziurtatua dagoela hizkuntza-eredu guztietan, baina euskararena D ereduan baino ez dago ziurtatua, eta euskara ikasteko aukera txikiagoak dituzte B ereduan eta, batez ere, A ereduan. Azterlanak ondorioztatzen duenez, hezkuntzarako sarbidea ez da berdina kolektibo osoan, eta, batez ere, jatorria aldagaiak eragin handia du. Senegaletik eta Afrikako gainerako herrialdeetatik etorritako pertsonak dira eskola-errendimenduan, nahiz hezkuntza- eta gizarte-integrazioan balio okerrenak dituztenak.

Parte-hartze soziala eta harreman sozialak ere dimentsio garrantzitsuak dira atzerritar jatorriko pertsonen integrazioa ulertzeko. Parte-hartze sozialari dagokionez, datuek erakutsi dute atzerritar jatorriko pertsonek lehentasuna ematen dietela elkarte ludikoei, elkarte sozial eta politikoen kaltetan. Harreman sozialei dagokienez, era guztietako pertsonekin izaten dituzte harremanak beren aisialdian, bai bertakoekin bai atzerrikoekin.

Bestalde, diskriminazioa eta baztertze soziala oztopo garrantzitsua dira gizartean integratzeko. Alde horretatik, azterlanak ondorioztatzen du, egoera orokorra ez izan arren, atzerritar jatorriko biztanleriaren zati batek maiz izaten dituela horrelako egoerak; batez ere, Saharaz hegoaldeko Afrikatik eta Senegaletik etorritako pertsonek. Sexua aldagaiak ere eragiten ditu desberdintasunak; izan ere, Senegal, Kolonbia, Ekuador, Peru, Bolivia eta Errumaniako emakumeek gizonek baino bazterketa- eta diskriminazio-tasa handiagoak jasaten dituzte.

Ondorio gisa, txostenak agerian utzi du integrazio-prozesu desberdina egiten duela kolektibo bakoitzak. Horren harira, nabarmentzekoa da, esate baterako, asiar jatorriko pertsonek, batez ere txinatar jatorrikoek, ikasketa-maila txikia eta integrazio sozial apala erakutsi dutela, baina lan-integrazio bikaina eta erregulartasun-tasa oso handiak dituzte.

Latinoamerikako kolektiboak, berriz, aniztasun handia du. Integrazio handiagoa duten jatorrien aldean (Argentina, Txile eta Uruguai), Boliviaren kasua nabarmentzen da, ikasketarik gabeko pertsona kopuru handiagoa erakusten baitu, lan-merkatuan sartzeko zailtasunez gain.

Azkenik, Afrikako jatorriek erakutsi dituzte balio urrunenak. Magrebek, oro har, ikasketa-maila txikia eta langabezia-tasa handiak ditu, eta emakumeak gutxi integratzen dira lan-merkatuan. Hala ere, jatorriaren araberako desberdintasun horiek gorabehera, aztertutako dimentsio guztietan zailtasun handiagoak dituzten profilak bereizi ahal izan dira, hau da, afrikar jatorriko pertsonak, EAEn denbora txikia daramaten gazteak, prestakuntza-baliabide propiorik ez dutenak, neurri handi batean emakumeak, lanik eta lana lortzeko erraztasunik ez dutenak eta administrazio-egoera irregularrean daudenak.