lboko Alkatea Iralako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen instalazio berriak ikusten izan da

0

Juan Mari Aburto Bilboko Alkatea Iralako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen instalazio berriak ikusten izan da gaur goizean. Udal zerbitzu hau Mozart plazako 10. zenbakian dago kokatuta, eta 18 profesionalez osatutako talde bat dauka; haien artean, gizarte langileak, gizarte hezitzaileak, psikologoa, bitartekaria eta administrariak.

Alkateak eskerrak agertu dizkio taldeari bere konpromisoagatik eta profesionaltasunagatik, eta hau nabarmendu du: «Gizarte Zerbitzu horiek gizarte kohesionatu baten oinarri dira, non herritarren funtsezko eskubideak jagoten baitira«.

Oinarrizko Zerbitzu honek 6.920 hitzordutan eman zuen arreta, Irala eta San Adrianeko bizilagunentzat, 2021ean. Profesionalek nabarmentzen dute iaz normalizatuz joan zela arreta, eta herritarrak bulegoetara bertara agertuz joan direla. Alkateari ikustaldian lagundu dioten langileek beren lana azaldu diote, beren ardurak agertu, artatzen dituzten kasuekin zerikusia duten kontuak xehatu, eta oso iritzi ona agertu dute lokalak aldatzeari buruz, zeren eta, haien esanetan: «lagundu egiten baitu herritarrei arreta hobea ematen, leku egoki eta estetikaren aldetik atseginak direnez gero, eta taldea elkarturik, lanaren beraren eta esku-hartzeen eraginkortasuna hobetuz».

Ikustaldian zehar, Juan Mari Aburtorekin batera izan dira Juan Ibarretxe eta Iñigo Zubizarreta Gizarte Ekintzako Saileko zinegotziak eta Kontxi Claver Gizarte Ekintzako zuzendaria, eta udaletxeko udal taldeen ordezkaritza bat ere bai.

OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUAK BILBON

Bilboko Udalak 11 oinarrizko gizarte zerbitzu dauzka uriko auzoetan zehar banatuta. Guztira, 203 profesional ari dira Bilboko herritarren beharrei erantzuten, direla norberarenak, familiarenak edo sozialak, haien gizarte-integrazioa eta autonomia faboratzearren.

Gizarte-zerbitzu horiek dira Gizarte Zerbitzuetako Sistemako lehenengo atea. Profesionalen taldeek eskubide eta baliabide sozialen gaineko informazioa ematen dute, eta jendearen egoera baloratu eta bideratu egiten dituzte; eta laguntasun ekonomikoak tramitatzen, edota mendekotasun egoeran dauden pertsonendako, adinduendako, umeendako eta etxerik gabeko familia eta pertsonendako baliabideak tramitatzen.

2021ean, hiriburuko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek 80.601 pertsonendako zerbitzua eman zuten, 73.398 hitzordurekin.

ESKU-HARTZE SOZIOEDUKATIBOKO TALDEAK

Esku-hartze sozioedukatiboko taldeek Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetatik egiten dute lan, eta euren ardura izaten dira babesgabetasun egoeran erortzeko arriskua duten adingabeen kasuak; hala, egoera zailetan esku hartzen dute, hala nola ezkontideen banantze egoeretan, adingabeek eskolara huts egiten duten kasuetan edo familiek ekonomia-baliabiderik ez duten kasuetan. 2021ean, Iralan, 590 pertsonari eman zitzaion arreta, eta urian, 2.550.

SARE SOZIALAK: