Intxaurralde Zahar Etxeak ia 500 m2-ko lokal berria du

0

Intxaurrondo auzoak instalazio berriak ditu gaurtik aurrera Intxaurralde Zahar Etxea hartzeko, 486 m²-koa eta erabiltzaileen beharretara egokitua. Donostiako Udaleko Gizarte Ekintza eta Etxegintza sailen arteko lanari eta lankidetzari esker egin ahal izan da egoitza berria. Sail horiek lokala egokitu eta Intxaurralde Elkarteari utzi diote, kudea dezan, 480.634 euroko inbertsioa eginez.

Instalazio berri hauek Etxegintzak Monsen eraiki dituen apartamentu dotazional berrien behealdean daude, eta hauei ezker Intxaurrondo auzoan adinekoentzako zerbitzu berriak egongo dira, hala nola taberna-jangela, ile apaindegia, higienea eta oinak eta eskuak edertzea edo kanpoko terraza erabiltzea. Orain arte, elkarteak ezin izan ditu zerbitzu horiek eskaini, Txarako aurreko instalazioetan lekurik ez zegoelako.

Izan ere, Zarategi pasealekuko 66. zenbakian dagoen lokalak jardueretarako bi areto zabal ditu, bakoitza 50 m² baino gehiagokoa, batzarrerako bulegoa, ile apaindegia, bilera gela, sukaldea, jangela eta taberna-kafetegia, baita hall-a, komunak, aldagelak, biltegia eta beste espazio batzuk ere. Dependentziek 284 m2-ko terraza handi bat ere badute, erabiltzaileen gozamenerako.

Eneko Goia alkateak azpimarratu duenez, “horrelako lokal bat sortzea Udalak adinekoen kolektiboari egiten dion balorazioaren erakusle da, haien beharretara egokitutako espazioak eskainiz eta Zahar Etxeen sarea indartuz, gure gizartean ezinbesteko lana egiten baitute”.

Intxaurralde pentsiodunen eta erretiratuen elkarteak kudeatuko ditu bulego berri horiek. Elkarteak 300 bazkide ditu (213 emakume eta 87 gizon), eta oso erakunde aktiboa da Intxaurrondon. 65 urtetik gorako 3.185 pertsona daude auzo horretan, Zahar Etxearen erabiltzaile potentzialak direnak. Beraz, aurreikusten da bazkideen kopurua nabarmen egingo duela gora, lokalak erritmoa hartzen duen heinean.

 

Intxaurralde elkartea

Elkartea 1987an sortu zen, eta gaur egun adinekoei zuzendutako hainbat jarduera antolatzen ditu; prebentziozkoak (gimnasia, memoria, pintura, lanak…), kulturalak (bidaiak eta txangoak) edo dibertimendukoak (gizarte jolasak, laurogei urteko pertsonei omenaldiak, bingoa…). Azken horien artean nabarmentzekoa da auzoko estalitako petanka pistan egiten den jarduera, elkarteko kide batek koordinatuta, egunean 20 pertsona inguru mugitzen dituena, urteroko txapelketa bat ospatzeaz gain. Lokal berri honen eraikuntzarekin, elkarteko batzarrak Zumba, Yoga eta Tai-chi bezalako jarduera berriak gehitzea ere baloratzen ari da.

 

Goizaldiak

Lokalean aurreikusten diren zerbitzu berrien artean, Goizaldiak adineko ahulen eguneko arretarako udal zerbitzua ere dago. Instalazio berri hauetan martxan egongo da udaren amaieratik aurrera, astean hiru egunetan, 10:00etatik 13:00etara. Horrela, zerbitzu hori duten auzoen kopurua handitzen jarraitzen da, dagoeneko Egia, Bidebieta, Altza eta Grosen baitago (guztira 38 erabiltzaile izan ditu 2021ean), eta laster Erdialdera, Antiguara eta Amarara ere iritsiko da.

 

Zahar Etxeak

Udalak adinekoen elkarteak funtsezko eragile komunitariotzat jotzen ditu adinekoei laguntzeko orduan, funtsezkoak baitira zahartze osasungarria sustatzeko, eta gobernu taldeak helburu hori du.

Horregatik Donostia Lagunkoia Hiri Planak Zahar Etxeak Plan horren 3. ardatza garatzeko ezinbesteko baliabidetzat hartzen ditu. Pertsonak zaintzen dituen hiria izan nahi du Donostiak, eta ildo horretan, Zahar Etxeak komunitate osoari zabaldutako gune bihurtzea lortu nahi dugu, pertsonen elkar topatzea erraztuko eta elkarlana eta jarduerak aurrera eramatea sustatuko dutenak. Hori dela eta, Udala lanean ari da Zahar Etxeak hobetzeko eta hiri osoan sarea egiteko.

Erlazionatutako dokumentuak

2022/04/29-an argitaratua