Bilboko Udalak aldi berean mahaia eta horma-irudia den lan bat eginarazi du

0

Bilboko Udalak aldi berean mahaia eta horma-irudia den lan bat eginarazi du, Laguntzaileen Batailoia izan zenaren antzinako panteoiaren oroitzapenetan; hain zuzen ere, zibilen talde bat Bilboko hiria defendatzen zuen armada liberalaren alde jardun zen karlistadetan. Jatorrizko monumentua herri-harpidetzaren bidez eraiki zen, eta 1870eko maiatzaren 24an inauguratu zen, Mallonako antzinako hilerrian, eta 1937an suntsitu zuten Bilbo hartu zuten tropa frankistek.

Egikune horretarako, 9.475 euro izendatu dira, eta ekimena Udalbatzak 2022ko urtarrilean hartutako konpromiso bati zor zaio, alderdi guztiak bat etorri baitziren monumentu horren memoria historikoa berreskuratzeko eta nabarmentzeko.

Horretarako, aldi berean mahaia eta horma-irudia den elementu bat instalatu da, altzairu lakatu eta sumendi-laba serigrafiatu eta esmaltatuzkoa, Begoñako Basilikan eta San Anton elizan Done Jakue Bidea seinalatzeko zeuden bien antzekoa. Mahai hori gaur desestali dute, ‘El Sitio’ elkarteak antolatuta Mallonako Mausoleora egiten den prozesio zibikoarekin batera.

Mahaian, hiru gai ageri dira landuta, testuekin eta argazkiekin, euskaraz eta gaztelaniaz.

    • Bilbo XIX. mendean: karlistadak eta Bilboren setioak, 1835ekoak eta 1836koak.

 

    • Mallonako panteoia: eraikuntza, inaugurazioa, eraisketa eta gorpuzkiak beste nonbait kokatzea.

 

    • Maiatzaren 2ko prozesio zibikoa, 1874ko egun hura oroitzen duena, zeinean amaitu baitzen 125 eguneko setioa, gudaroste karlistek Bilbori ezarri ziotena 1872tik 1876ra bitartean izandako gerran.

 

Gai guzti horiek ‘El Sitio’ elkartearen eta Euskal Herriko kolektibo errepublikazalea elkartearekin egiaztatu dira.

Bestalde, instalazio horrekin, Udalak joan diren urte hauetan Erdi Aroko Bilbori eta Bilbo modernoari balioa itzultzeko egin dituen beste egitasmo batzuk osatzen dira, hala nola:

    • Zazpi Kaleetako eta Bilbo Zaharreko kale eta leku bereziak seinalatzea, 6 panel eta brontzezko 80 plaka ezarrita fatxadetan.

 

    • Done Jakue Bidearen seinaleztapena uritik igarotzen den tartean, 2 mahai/horma-irudi ezarrita eta sumendi-labazko 60 lauza sartuta zoladuran.

 

Mahai eta horma-irudi den horretan jasotzen den informazioa eskuratzeko modua erraztearren, egokitu egin da, halaber, harainoko irispidea, harrizko bide txiki edo sarbide bat eraikiz, eta, aldi berean, haren inguruko soropilean kalterik eragin ez dadin.

GORPUZKIAK BESTE NONBAIT KOKATZEA

2001ean, Udalak erabaki zuen monumentu-multzoko gorpuzkiak aldatzea Mallonako futbol-zelaitik hurbilagoko beste kokaleku batera, antzinako hilerriaren ondoan. Gaur den egunean, fustea baino ez da geratzen, eskulturari eusten diona, eta azpioinarriaren zati bat.

Bestalde, jatorrizko panteoiaren apaingarri ziren lehoiak eta armarrien arteko bat Euskal Museoan daude.

Panteoiaren hondarrekin batera, brontzezko plaka bat ere ageri da, testu labur batekin, 1835eko eta 1836ko Setioak aipatuz.

SARE SOZIALAK: