Euskalmeten arabera, prezipitazio gehien Gipuzkoa ipar-ekialdean metatu zen, eta leku batzuetan 300 l/m2-ak gainditu ziren (Eskas 318,3 /m2); prezipitazio gutxien, aldiz, Arabako hainbat lekutan metatu zen eta ez zituzten 40 l/m2-ak gainditu (Moreda 41,1 l/m2 ).
Apirileko lehenengo bi egunetan elurra egin zuen urte sasoirako baxuak diren mailetan, 300-400 metrotik gora prezipitazio gehien izan zen uneetan, eta Arabako Lautadako zenbait lekutan 10 eta 20 cm artean metatu ziren.
Bestalde, euri-egunen kopurua urte-sasoirako normala izan da, orokorrean 10-13 euri-egun izan baitira, eta Arabako Errioxan, aldiz, 8 egun. Prezipitazio-egunak bi alditan pilatu ziren: lehenengoa hilaren hasieran, kota baxuetan elurra egin zuen egunetan; eta bigarrena 19tik 21era bitartean, eta hilaren 20an, esate baterako, metatutakoa 60 l/m2-tik gorakoa izan zen.
Apirileko batez besteko tenperatura orokorrean normala izan zen. Esan daiteke hotza izan zela Araba erdialdean, eta kostaldean, aldiz, 12-13 ºC inguruan ibili zen eta Arabako Lautadan 9 ºC inguruan; horrek esan nahi du 1981-2010 aldi normaleko tenperaturaren gainetik 0,2 ºC ibili dela Euskadi osorako. Aldi berean, izotz-egunak batez besteko klimatologikoaren gainetik ibili ziren, bereziki Araba erdialdean. Adibidez, 8 izotz-egun zenbatu ziren Gasteizen hilabetean zehar, eta batez bestekoa 2 egunekoa da.
Hain zuzen ere, apirilaren 3tik 6ra bitartean Euskadi barnealdeko estazio meteorologiko askotan erregistratu ziren mende honetako tenperatura minimo baxuenak, eta nabarmentzekoak dira Iturrietan neurtutako -8,4 ºC-ak, Altubeko -4,7 ºC-ak edo Abetxukoko -4,4 ºC-ak, eta apirileko tenperatura minimoen errekorrak dira. Intsolazioari dagokionez, eguzki-orduak normala denaren azpitik mantendu ziren itsasertzean, eta ekialdean % 9 gutxiago ere izan ziren (Donostian 136 eguzki-ordu zenbatu ziren). Barnealdean guztiz alderantzizkoa gertatu zen, eguzki-orduak % 7 bat gehiago izan baitziren (Gasteizen 174 eguzki-ordu zenbatu ziren).
Muturreko baldintza meteorologikoei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak guztira 2 alerta laranja aktibatu zituen elurragatik, bai eta 16 abisu hori ere, horietako 4 nabigaziorako olatu handiengatik, 3 elurragatik, 3 haizeagatik, 2 prezipitazio iraunkorrengatik, 2 izotzagatik eta beste 2 basoko suteengatik.