Sasoiko langileentzako ostatu-sarea areagotzeko eta hobetzeko proiektuak edo jarduerak lagunduko dira diruz, bai eta egonaldian zehar Euskal Autonomia Erkidegoan integratzera bideratutako ostatu-baldintza duinak bermatzekoak ere. Jarduera horien barruan egon daiteke ostatu horiek eraikitzea edo, hala badagokio, erostea, eta gaitzea, eraberritzea, handitzea, egokitzea, hobetzea eta ekipatzea, erregistratutako ostatua izateko eskatzen den araudia bete ahal izateko.
Sasoiko langileei ostatu emateko higiezinak eraikitzeko edo, hala badagokio, erosteko laguntzaren gehieneko zenbatekoa 20.000 eurokoa izango da. Inbertsioak eta gastuak gauzatzeko epea 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko abenduaren 31ra bitartekoa izango da.
Aginduan zehazten denaren arabera, laguntzen zenbateko zehatza zehazteko, kasu bakoitza honako irizpide hauen arabera aztertuko da: proiektuaren kokapena (lehentasunezko eremuetan edo landatartasun-maila handiarekin), sustatzaile mota (indarrean dagoen Sasoiko Lanaren Arretarako Plan Integralean ezarritako nekazaritzako sasoiko lanaren programari harrera egitea, emakume nekazaria, etab.), ostatu-plazen kopurua edo plaza bakoitzaren batez besteko kostua.
Sasoiko Lanaren Arretarako IV. Plan Integralaren barruan sartzen dira laguntza horiek. Plan horrek sasoiko lanaren inguruan sortutako beharrei erantzungo dieten jardueren plangintza koherentea eta koordinatua arautzen du. Azken helburua da arauz ezarritako gutxieneko bizigarritasun- eta duintasun-baldintzak betetzen dituzten behar adina ostatu-plaza izatea, eta hitzarmenak eskatzen duena betetzea.
Eskaerak aurkezteko epea
Eskaerak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta funtsak erabat agortzen direnean edo ekitaldi honetako azaroaren 15ean amaituko da. Horren berri emango da Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko zuzendariaren ebazpen baten bidez (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da)
Eskaera-eredua Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera: https://www.euskadi.eus/servicios/1013808. Pertsona fisikoek aurrez aurre zein elektronikoki aurkeztu ahal izango dituzte eskaerak.